Bilboko Udalak bulego administratibo berri bat irekiko du Santutxuko Udaltegian astelehenean
Ekipamendu honi esker, hainbat tramite administratibo Udalaren bulego nagusietara joan beharrik gabe egin ahal izango dira, eta auzoan dagoen eskari handiari erantzunez abiarazi da, halaxe iradoki baita hortik gertu dauden Begoñako eta Zazpi Kaleetako udal bulegoetan erregistratutako arreta-bolumen handiari erreparatuta.Herritarrei arreta egiteko puntu berri honen irekieraz, Bilbok 10 bulego administratibo ditu guztira Hiri osoan zehar, San Agustin eraikineko arreta-gune nagusiaz gain.
BILBO. Bilboko Udalak bulego administratibo berri bat irekiko du astelehenean, urriak 9, Santutxuko Udaltegian, Hiriko biztanleen % 9,1 biltzen duen auzo jendetsu honetako bizilagun guztiei udal kudeaketa hurbiltzeko asmoz.
Herritarrei arreta egiteko puntu berri honen irekieraz, Bilboko Udalak 10 bulego administratibo ditu dagoeneko Hiri osoan zehar banatuta, San Agustin eraikineko arreta-gune nagusiaz gain.
Honelako bulegoek hainbat tramite administratibo Udalaren bulego nagusietara joan beharrik gabe egiteko aukera errazten dute. Horren harira, ondo baino hobeto egiaztatu ahal izan da Santutxu aldean eskari handia egon daitekeela, hortik gertu dauden Begoñako eta Zazpi Kaleetako udal bulegoetan erregistratzen diren urteko arreta-bolumen handi-handiei erreparatuta.
Horrela, iaz, Bilboko Udalak auzoetan dituen bulego administratibo guztietan arreta egindako 207.305 pertsonaren artean, 42.377 pertsonak Zazpi Kaleetako udal bulegora jo zuten eta beste 23.937 pertsonak Begoñako udal bulegora.
Gehien eskatzen den tramitazioa Biztanleen Udal Erroldaren ingurukoa da ?altak, aldaketak eta hauei dagozkien erroldako agiri eta ziurtagirien emisioa eta barne?, baita Udalari nahiz beste Administrazio Publikoei zuzendutako dokumentazioaren sarrera eta erregistroa ere.
Santutxuko Udaltegia 2015eko urriaren 14an inauguratu zen, auzoko elkarteei nahiz biztanleei zerbitzua emateko asmoz; lehenengoei bilerak, jarduerak eta abar egiteko lokalak eskainiz, eta bigarrenei udal ikastaro eta tailerrak antolatuz. Santutxuko Udaltegiak Bilboren azalera osoaren % 2 baino zertxobait gehiago duen 4. Barrutiko auzo honetan bizi diren 31.500 pertsona baino gehiago atxikiak ditu. Irisgarritasuna eta Metroaren ondoan duen kokapen bikaina da Santutxuko Udaltegiaren ezaugarri nagusietako bat.