BILBAO. Koru-tradiziorik herrikoiena Zabala auzoko kaleetara itzuliko da bihar, zapatua, Otxoteen Topaketaren bosgarren edizioaren eskutik. Ekimen hau, Bilboko Udalak auzoa dinamizatzeko Bilbo Zahar, San Frantzisko eta Zabalako Udal Bulegoaren bidez eta Zabala Berri Auzokoen Elkartearen eta Lur Maitea otxotearen laguntzaz bultzatzen dituen jardueretako bat da.

Aurreko edizioetan bezalaxe, Zabalako Otxoteen V. Topaketaren helburua da auzo bilbotar peto-peto honen abesbatzen tradizioa berreskuratzea, duela urte batzuk arte inguruko ostalaritzako establezimenduetan biltzeko ohitura baitzegoen, abesti herrikoiak abesteko.

Horretarako, otxoteek kalejira bat egingo dute zapatu eguerdian Zabalako kaleetan zehar. Baina eguna lehen orduan hasiko da, txistulari talde batek diana jotzen duenean.

Zabalan zehar egingo duten ibilbidean, Lur Maitea, Alai Taldea eta Tutto Voce otxoteek emanaldiak egingo dituzte auzoko leku desberdinetan. Lehen emanaldia batera egingo dute, 12:15ean, Fleming Doktorearen plazan. Ordu laurden geroago Conde Aresti egoitzan (12:30), baina une horretatik aurrera, otxote bakoitzak bere emanaldia egingo du Zabala kaleko 63an (13:00), Constantino Tenorearen kalean (13:20), Xenpelar eta Juan de Garay kaleen arteko bidegurutzean (13:20) eta Xenpelar eta Zabala kaleen arteko bidegurutzean (13:20). Azken emanaldia ere bateratua izango da, Xenpelar eta Zabala kaleen artean (14:30).

Tradizioari jarraiki, Zabalako Otxoteen Topaketa hau amaitzeko, 19:00etan, doako kontzertua antolatuko da San Rafael parrokian. Bertan izango dira hiru otxoteak eta txistulari taldea; bakoitzak hiru pieza interpretatuko ditu, eta amaieran, Jesus Guridiren “Boga-boga” eta ohiko “Agur Jaunak” abestuko dituzte denak batera.

BERRITASUNAK

Zabalako Otxoteen V. Topaketa honetako berritasun nagusietako bat Estatuko otxote baten parte-hartzea da, Segoviako Tutto Voce otxotearena, alegia.

Era berean, lehen aldiz, Lur Maitea otxoteak soprano baten laguntza izango du errepertorioko zenbait doinu interpretatzeko orduan.

Aurtengo hirugarren otxotea Alai Taldea da, Bergaran duela 36 urte sortutakoa, urteetan Euskal Herriko kultura musikalean garrantzi handia izan duen taldeen eredua gordetzen laguntzeko asmoz.

Otxoteak zortzi pertsonako taldeak dira, ahotsaren tonu desberdinetan banatuta. Tradizio hori 1930eko hamarkadakoa da, Euskal Herri osoko ostalaritzako establezimenduetan zabaldu zenean, bertan biltzen baitziren abesteko eta jaiak eta ospakizunak alaitzeko.