Bilboko Udalak hiriaren egoerari buruzko agintaldi honetako lehen udalbatzarra egingo du
Juan Mari Aburto Alkateak, Bilboko Udalak legealdiko bi urte hauetan abiarazi dituen ekintzen balantzea eta errepasoa egin eta legealdiko gainerako bi urteetarako aurreikusiak dituen berritasunetako batzuk aurreratuko ditu.
BILBAO. Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea buru, “Hiriaren Egoerari buruzko Udalbatzarra” egingo da bariku honetan, irailak 15, 09:30etatik aurrera. Hauxe da agintaldi honetan egingo den tankera horretako lehenengo Udalbatzarra, Udal Araudi berriko berritasun nagusien artean onartu ondoren.
Ohiko Udalbatzarren antzera Udaletxeko Areto Nagusian egingo den aparteko udalbatzar honetan, Alkateak hiriaren egoerari buruzko azalpen orokorra egingo du, legealdiko bi urte hauetan abiarazitako ekintza guztien balantzea eta errepasoa eginez.
Udal agintari gorenak agintaldiaren erdiarekin bat eginik eskainiko duen azterketa honetan, arreta handiz arakatuko dira gobernu taldearen ildo nagusiak, eta horrekin batera, datozen bi urteetarako aurreikusita dauden ekintza eta berritasunetako batzuk aurreratuko dira. Juan Mari Aburtoren esanetan, “Hiriaren egoerari buruzko erradiografia osoa egitea da udalbatzarraren xedea, agintaldia hasi zenetik egin dugunaren berrikuspena eta azterketa eginez, baina egiteko zain daukagunari begira, betiere bilbotarren bizi-kalitatearen eta Hiriaren etorkizunaren mesedetan”.
Alkateak Udal Sail guztietatik abiarazi diren ekintza eta programen errepaso sakona egin eta Udal Gobernuaren lehentasunezko erronkei erraparatuko die nagusiki: jarduera ekonomikoa eta enplegua, zerbitzu publikoak, bizi-kalitatea, auzoetako obrak eta jarduketak edota nazioarteko posizionamendua, besteak beste.
Juan Mari Aburtoren azalpen orokorraren ondoren, eztabaidari ekingo zaio alderdi politikoen agerraldiekin. Amaitzeko, Alkateak hitza hartuko du alderdi politikoei erantzuteko. “Hiriaren gaur egungo argazkia bistaratu nahi dugu ?zehaztu du?, bere indargune eta ahulezia guztiekin, talde politiko guztien ikuspegia ere bilduz, elkarren artean gure hiriaren alde lan egin ahal izateko, horixe baita, edo izan behar du, gure helburu nagusi eta bakarra”.
Aparteko Udalbatzar hau urtean behin egingo da, irailaren 30a baino lehen ?Udal Hauteskundeak dauden urteetan izan ezik?, eta bertan ez da erabakirik hartuko, Araudian ezarritakoari jarraiki.
Más en Bilbao
-
Ligar en Aste Nagusia: “No hay que tener miedo, hay que lanzarse”
-
En imágenes: los personajes de Star Wars irrumpen en plena Aste Nagusia
-
Apasionada de las bilbainadas: "Son la banda sonora de nuestras fiestas, las que nunca fallan"
-
Cacerolada en el recinto de txosnas para denunciar agresiones en Aste Nagusia