BILBAO. Oso denbora gutxi falta da Aste Nagusiko txupinerako, eta Mercabilbaok prest ditu dagoeneko Bilboko Konpartsak elkarteak, Makilaren Kofradiarekin batera, Aste Nagusiko Gastronomia Lehiaketaren barruan, antolatzen duen “Euskal Txiki Master” ekimenean laguntzeko osagaiak.

IX. edizioan, Umeen Sukaldaritza Eskolak Bilboko jaietako ekitaldi nagusietakoa izaten jarraitu nahi du, etxeko txikienen artean kultura gastronomiko herrikoia bultzatzeko xedez. Ehunka ume elkartzen dira urtero, elikadurako profesionalekin batera, era didaktikoan, dinamikoan eta jai giroan egiten diren sukaldaritza tailerretan.

Aurten, “Euskal Txiki Masterra” abuztuaren 21ean, 23an eta 25ean ospatuko da Areatzako pasealekuan eta parte hartu nahi duten ume guztientzat egongo da zabalik.

Beste urte batez, Mercabilbao arduratuko da tailerretako errezetak prestatzeko beharrezkoak diren osagaiak hornitzeaz: astelehenean, abuztuaren 21ean, txikiek entsaladak egingo dituzte, barazki eta ortuari freskoak, gulak, otarrainxkak eta muskuiluak erabiliz; asteazkenean, abuztuaren 23an, gildak egingo dituzte, Ibarrako piperrak, antxoak eta olibak erabiliz; eta jaietako egun nagusian, ostiralean, abuztuaren 23an, bakailao kokotxek itxiko dituzte umeen tailerrak. Aitor Elizegi eta Ricardo Perez sukaldariak umeei laguntzen arituko dira errezeta erazak eta osasungarriak prestatzeko truko hoberenak erakutsiz.

Horrez gain, Mercabilbaok amantal bat eta prestatutakoa etxera eraman ahal izateko ontziak emango dizkiete partaideei. Horretarako, hornidura guneak, tailerretarako osagaiak emango dituzten merkatuko handizkarien eta Angulas Aguinaga enpresaren laguntza izango du.

Etengabeko konpromisoa

Mercabilbaok Aste Nagusiko Umeen Sukaldaritza Eskolari ematen dion laguntza, banaketa zentroak urtean zehar aurrera daraman ohiko prestakuntza jardueraren barruan sartzen da. Horrela, Bizkaiko ikastetxe guztiei zuzendutako arrain eta fruta zentzumen-tailerrak eskaintzen ditu. Amaitu berri den 2016-2017 ikasturtean, 1.500 ikasle baino gehiago igaro dira ikasgela horietatik, eta kopuruak gora egiten du urtetik urtera.