BILBO. Sukaldari argentinarraren lana xehetasunei jartzen dien arretan eta fintasun eta perfekzioarekiko duen grinean oinarritzen da.

Museo bilbotarrak jakinarazi duenez, sari gehien jaso duen sukaldari argentinarra omen da Calagreco, eta "Europako sukalderik txundigarrienetan" egonaldiak egin ondoren, Frantziako Menton hirian gelditu zen 2006an, Kosta Urdinaren bihotzean.

Colagrecoren hitzaldia izango da "Sormena Gastronomian" zikloaren hirugarren saioa. Guggenheim Bilbao Museoan egiten ari da zikloa 2017an zehar, eta nazioarteko sukaldari ospetsuek parte hartzen dute, euren ezagutza, esperientzia eta sukaldaritza jorratzeko duten modua partekatuz ikus-entzuleekin.

Halaber, hitzaldi zikloa TopARTE programaren baitan dago. Museoaren 20. urteurrena dela-eta sorturiko ekimena da, eta museoaren espazioak diziplina guztietako kultura eragile eta erakundeei zabaltzeko asmoa du, alegia, musika, zinema, bideo, dantza, antzerkia edo gastronomiari.

Hitzaldia eman eta hurrengo egunean, ekainaren 22an, Mauro Colagrecok "Ongi etorri. Cenas a cuatro manos" izeneko ekimenean parte hartuko du Josean Alija Guggenheim Bilbao Museoko Nerua jatetxeko sukaldariburuarekin.

Colagrecoren hitzaldia arratsaldeko 18:30ean hasiko da eta Entzungelan izango da, doako sarrerarekin. Halere, ezinbesteko da sarrerak aurretiaz hartzea, txarteldegian edo museoaren webgunean.