BILBAO. Bilboko Udaltzaingoak 172 urte bete ditu gaur eta ospakizun-ekitaldi bat egin du Miribillako instalazioetan, Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea buru zelarik.

Hemendik aurrera egun hau, azaroak 8, ezarri nahi da Bilboko Udaltzaingoaren urteurrena ospatzeko.

Ekitaldian Iralako Tomás Camacho ikastetxeko eta Miribillako Ikastetxe Publikoko LHko 5. mailako ikasleak izan dira, Laguntza Komunitarioaren Unitateak emandako hitzaldi batzuetan izan baitira Udaltzaingoaren lana zein den gertutik jakiteko. Instalazioak eta Suhiltzaileen Parkea bisitatu dute.

Goizeko 11:00etan Txakurtegiko Unitateak eta Udaltzaingoaren ibilgailuek erakusketa bat egin dute (104 ibilgailu, 27 moto eta herritarrei laguntzeko 3 bulego mugikor). Erakusketa hori Miribillako instalazioetan egin da ikasleen, zinegotzien eta Udaltzaingoko agenteen aurrean. Gainera, segurtasuneko beste kidego batzuetako ordezkariak eta zenbait epaile ere gonbidatu dira.