BILBO. Topaketan, besteak beste, Erresuma Batua-EBren arteko harremanen etorkizuneko aukerak eta Erresuma Batua eta osatzen duten nazioen aukerak Brexit ostean moduko gaiak landuko dituzte.

Jardunaldian izateko sarrera librea izango da, baina joango dela baieztatun beharko da joxerramon.bengoetxea@ehu.eus helbide elektronikora mezu bat idatziz. EHUgune unibertsitatearen, gizarte zibilaren eta erakundeen arteko topaleku eta elkargunea da, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) gogorarazi duenez.

Ekitaldia arratsaldeko 15.30ean hasiko da, eta Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak, Rocco Caira Irlandako ohorezko kontsulak, Mikel Anton Eusko Jaurlaritzako Europar Gaietarako zuzendariak, Juanjo Alvarez EHUko Zuzenbideko katedradunak, Igor Filibi EHUko irakasleak, Joxerramon Bengoetxea EHUguneko zuzendariak eta Lorena Lopez de Lacalle EuroBasqueko presidenteordeak parte hartuko dute.

EHUgune, 2011ko udazkenean sortu zenetik, unibertsitatearen, gizarte zibilaren eta erakundeen arteko topaleku eta elkargune bihurtu da. Gizartearentzako garrantzi handia duten gai batzuri buruzko iritziak eta planteamenduak ikuspegi unibertsitariotik aztertu, jorratu eta eztabaidatzen dira. Foroan unibertsitateak ez du gaien inguruko iritzi bakarra defendatzen, baina bai ordea gaiok jorratzeko eta hausnartzeko modu edo metodologia berezia proposatu.

Horrela, hausnarketa sustatzeaz gain, EHUgunek beste helburu batzuk ditu: zientzia komunitatearen parte hartzea bultzatzea, adituen eta gizartearen iritziak kontrastatzeko gune bat eskaintzea, eta bai emaitzaren zein hausnarketa prozesuaren berri gizarte osoari ematea.

Lau urte eta erdiko ibilbidean, EHUgunek 30 mintegi edo workshop baino gehiago antolatu ditu eztabaidak antolatzen dituen hiru esparru nagusietako kluster desberdinen baitan: Agora (indarkeriak unibertsitatean izan duen inpaktuaz), Krisak (politika, gizartea, ekonomia, mediatiko-informatiboa eta europarra) eta Euskal Herria 2050 (demografia, identitatea eta lurraldeak).