BILBO. “Smart Moto Challenge” lehiaketa berezia da, motozikleta elektriko adimendunak eta Internet bidez konektatuak direlako, eta erronka bat da Ingeniaritzako graduetako ikasleentzat. Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatearen kasuan, gradu hauetako ikasleek hartzen dute parte: Telekomunikazioko Teknologietakoek, Industria Elektronika eta Automatikakoek, Industria Diseinukoek, Industria Teknologietakoek, Industria Antolaketakoek eta EAZ+ITI gradu bikoitzekoek.
Bigarrenez hartzen dute parte Deustuko ikasleek lehiaketa horretan. Aurten 12 taldek hartuko dute parte, laugarren edizioan. Deustuko Ingeniaritza Fakultateak Espainiako beste lau unibertsitaterekin, Errusiako seirekin, Poloniako batekin eta Ekuadorreko beste batekin egin beharko du lehia.
Lehiaketaren helburua da ideien laborategi bat izatea eta etorkizuneko ingeniari espezializatuen iturburu izatea, mugikortasun elektrikoaren sektorean. Aurtengo edizioan, taldeek haien hiriko udaltzainentzako prototipo funtzionalak garatu behar izan dituzte. Hala, taldeek moto elektriko adimendun eta Internetera konektatutako bat diseinatu eta eraiki behar izan dute, L1E eta L3E Europako araudia betetzen dutenak, eta poliziaren zainketa lanetarako erabilgarria dena.
Euskal taldea 30 ikaslek osatu dute, bost irakaslek koordinatuta. 10.000 ordu eman dituzte joan den abenduan izena eman, taldea definitu eta zereginak banatu zituztenetik.
Elementu komunak eta desberdintasunak
Lehiaketako arauekin bat, talde bakoitzak kategoria batean ematen du izena: 2KWera artekoetan eta 8KWera artekoetan. Aurreko edizioetan ez bezala, ez dago elementu komunik. Hortaz, talde bakoitzak aukeratu behar du zelako motor mota, bateriak eta ECU (Engine Control Unit) delakoa izango dituen prototipoak. Erabaki estrategiko horretatik abiatuta, taldeek txasisa, karrozeriaeta elementu bereizgarriak diseinatu eta fabrikatzen dituzte, eta ibilgailuaren alde adimenduna eta Interneteko konexioa prestatzen dituzte.
Deusto Moto Teamek garatu dituen prototipoen kasuan, konektibitaterako 4G gailuak erabiliko dituzte. Horretarako, ibilgailuen flotako datuak (ibilbideak, gertakizunak, jasotako abisuak, egoera eta erantzuteko denbora) ez ezik, haiek sortutako informazio guztirakoak (bateriaren egoera, zikloen zenbakia, jokabide termiko eta elektrikoari buruzko datuak, etab.) kudeatzeko eta kontrolatzeko plataforma bat sortu da.
15 proiektu baino gehiago garatu dira prototipoen inguruan, bai e-mobility-n (energia pilatzeko modelatu termikoa; kontroleko zirkuitu elektronikoen garapena; eta urrutiko komunikazioak) eta bai arintze, prototipatu arin eta kudeaketa sistemetan. Lanildo horiek trakzio elektrikoko ibilgailuen funtzionamendua optimizatzera bideratuta daude, petroliotik sortzen diren erregaien kontsumoa erabat desagerrarazteko; hartara, CO2a eguratsera isurtzea gutxituko da eta hiri guneetako zarata maila gutxitu.
Eraiki diren prototipoak hirian eta hiri inguruetan erabiltzeko ibilgailuak dira, litio-ioizko bateriadunak, gehienez 90 km/h-ko abiadurara heltzen direnak, eta 80 kilometroko autonomia dutenak, sei orduz kargatzen izan ondoren. Motozikleta arin eta ekologikoa Internetera konektatuta dago eta mugikortasuneko patruilen zerbitzu eta zainketarako da. Kasu honetan, prototipoak udaltzainen zereginetan eraginkorragoak izan daitezen, Bilboko Udaltzainen aholkularitza izan dute.
Nazioarteko unibertsitate mailako lehiaketa
Nazioarteko unibertsitate mailako lehiaketaren IV. edizio honetan lehentasuna du karreran zehar jasotako ezagutzak aplikatzeak, ingeniaritza eta diseinuko ikasleek teknologiarik berrienak erabiltzeak, ingeniaritzako ariketa erreal bat praktikan jartzeak motozikleta elektriko arina garatzeko, eta taldeko lanaren eta helburuen araberako lanaren esperientziak. Lehiaketak diseinuaren eta ingeniaritzaren balio erantsia ere azpimarratzen ditu, etorkizuneko merkatuak aztertu eta produktua merkaturatzea, eta gelan eskuratu ezin diren trebetasun eta abileziak sustatzea.
Hartara, ibilgailu elektrikoen fabrikatzaileek ideien laborategi bat dute eta merkatuko eta produktuko etorkizuneko teknikarien beste iturri bat. Produktu ekologiko eta jasangarri bati eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriekin lotzea da ”Smart Moto Challenge” proiektuaren beste puntu interesgarri bat.
Lehiaketak hainbat proba ditu eta benetako proiektuaren hainbat alderdi balioesten dira: Motoaren diseinu kontzeptuala, puntuan jartzea eta azken testa, osagai mekaniko eta elektriko-elektroniko eta telekomunikaziokoen diseinua eta kalkulua ahaztu gabe. Horrekin batera, talde bakoitzak negozio plan bat garatu behar du, prototipoaren fabrikazioko eta merkaturatzeko kostuen estimazioekin.
Diseinuaren azken ebaluazioa eta prototipoen proba tekniko guztiak, negozio eta marketin planak zirkuitu katalanean egingo dira, Montmelóko 24 orduekin batera, uztailaren 7tik 10era. Era berean, “Smart Moto Challenge”-k hirugarren lehiaketa bat ere izango du Moskuko “Open Innovations” azoka teknologikoaren barruan.
Lehiaketaren lehenengo bi egunetan, taldeak box-ean egongo dira, IATa pasatzeko beharrezko xehetasun guztiak bukatzen. Lehenengo ebaluazio horietan, prototipo guztiek egon behar dute egoera onean, ezarritako araudia betetzeko. Uraren proba da unerik azpimarragarriena, eraiki den produktua kalera ateratzeko bideragarria den ala ez zehazten baitu.
Taldeek IATaren lehen fasea pasatzen dutenean, zirkuitura eramango dituzte motoak eta martxan jarri. Proba dinamikoak hirugarren eta laugarren egunean izaten dira. Hainbat test egiten zaizkie: azeleraziokoa, abiadurakoa, autokrossekoa, erresistentziakoa, etab. Proba bakoitza birritan egin behar da. Fase horiek ebaluatzeko, epaimahaiak moto bakoitzaren ibilbideko denbora neurtzen du eta horren arabera egiten da prototiporik azkarrenen sailkapena. Konoen proban, konoren bat botatzeak honenbeste denbora kentzen dizu.
Bukatzeko, azken egunean ebaluatzen da diseinua, mekanika eta elektronika, baita prototipoaren bideragarritasun ekonomikoa ere. Une horretan defenditu behar izaten da egindako garapena, xehetasun bakoitza arrazoituz, eta bakoitzaren garapen teknikoa argudiatuz. Erakusketaren atal bat negozio planaren aurkezpenaren bidez ere egiten da. Bertan, produktuaren merkatuko bideragarritasuna frogatu behar da, prezioa, funtsezko bazkideak, manufaktura, etab. Estetika eta adimendun osagaiak dira lehiaketaren atal honetan azpimarratzen direnak.