BILBO. Hacking Chronic Disease izeneko abangoardiazko topaketa zientifiko-teknologikoa egingo da asteburu honetan Bilboko Zabalgune eraikineko atrioan, AstraZeneca enpresa farmazeutikoak eta mVision Fundazioak antolatuta, eta Massachusetts Institute of Technology (MIT) institutuak, honi atxikitako MIT Hacking Medicine taldeak eta CIMITek garatua, Bilboko Udalaren eta Osakidetzaren laguntzaz. Topaketako lan saioetan, zientzialari, kimikari, matematikari, ingeniari eta diseinatzaile informatikoek elkarlanean jardungo dute, gaixotasun kronikoen egungo erronkei sormenezko erantzun teknologikoak eskaintzeko asmoz.

Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, ostiral honetatik igandera arte egingo den Hacking Chronic Disease topaketaren bitartez, azken aurrerapen teknologikoak eta zientifikoak uztartu nahi dira, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen mesedetan.

Topaketan parte hartuko duten pertsonak informatika, ingeniaritza, matematika, kimika eta medikuntza moduko esparruetakoak dira, baina egunotan elkarlanean jardungo dute, gaixotasun kronikoen egungo eta geroko erronka nagusiei erantzungo dieten sormenezko ideia teknologiko berritzaileak garatu ahal izateko.

Jarraian, lantaldeak eratuko dira, planteatutako ideia teknologikoak aurrera eramateko. Zeregin horretan, Massachusetts Institute of Technology (MIT), MIT Hacking Medicine, Medikuntza eta Teknologia Berritzailea Integratzeko Partzuergoa (CIMIT), Massachusetts General Hospital, mVision Fundazioa, Osakidetza, Nafarroako Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) eta Rey Juan Carlos Unibertsitatea bezalako erakundeetako diziplina desberdinetako adituen laguntza eta aholkularitza izango da sorkuntza prozesu osoan.

"Hacking Chronic Disease topaketak osasun arazoen konplexutasunari aurre egiteko aukera eskaintzen du, benetako aldea marka dezaketen sormenezko soluzio berritzaileak abian jarriz", azaldu du Tatyana Gubin MIT Hacking Medicine taldeko ordezkariak.

Azkenik, epaimahai batek ideia irabazleak aukeratuko ditu, eta ideia hauen eragileek Massachusetts Institute of Technology (MIT) erakundeak eta mVision Fundazioak antolatutako 'mentoring' programa batean parte hartzeko aukera izango dute.