Bilboko Udal Txistularien bandak sei emanaldi eskainiko ditu martxoaren 23ra arte
Aitor Urquiza eta Xabier Olazabal musikari gonbidatuak arituko dira lehen emanaldian
BILBO. Bilboko Udal Txistularien Bandak 2016ko urtarrilaren 13an hasiko du "jatorrizko euskal musikarik onena" publikoari hurbilduko dion doako kontzertuen programa, eta guztira, sei emanaldi eskainiko ditu martxoaren 23ra bitartean Euskalduna jauregian. Emanaldi guztiak doakoak izango dira eta 20:00etan hasiko dira, taldeko iturriek jakinarazi dutenez.
Aitor Urquiza (txistua eta konposizioa) eta Xabier Olazabal (txistua eta eskusoinua) musikari gonbidatuak arituko dira urte berriko kontzertu zikloaren lehen emanaldian, urtarrilaren 13an. Txistu eta akordeoiaren bitartez Bach, Piazzolla edo Tchaikovsky moduko konpositore ezagunen lanak joko dituzte, bai eta Kepa Junkera, Aitor Furundarena, Eusebio Basurco eta Hilario Extremianaren euskal musika ere.
Urtarrilaren 27an, Bilboko Txistularien Bandak Portugaleteko Elai-Alai musika eta dantza taldearekin ikuskizuna eskainiko du, eta otsailaren 3an, "Musikaren koloreak" ikuzkizuna izango da, Izaskun Andueza (txistua), Asier Agirre (txistua eta bateria), Xabier Olazabal (txistua, silbotea eta akordeoia), Edurne Errea (txistu, silbotea, baxua eta ahotsa), Eduardo Sola (pianoa), Mario Cantabrana (kontrabaxua) eta David Delgado (gitarra eta ahotsa) musikarien parte hartzearekin.
Hurrengo hitzordua otsailaren 17an izango da. Txistu eta piano errezitaldia izango da, Mariano Santamaría pianistak lagunduta, "Barroko Garaiko Musika eta Dantzak" izenburupean. Martxoaren 1ean, "Kantaldia" izango da, Euskal Herriko kantutegi zabal eta ederraz gozatzeko aukera emanez. Azkenik, martxoaren 23an, Joserra Gutierrez Barakaldoko konpositoreak hitzordu horretarako idatzitako abestiak entzungo dira "Zeu ere txistulari" ikuskizunean neguko denboraldiari amaiera emanez.