BILBO. Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak, Itsasadarraren irudia eraldatu eta, herritar guztien gozamenerako Hiribilduaren eta bere ingurunearen gune egituratzaile berri bilakatu duen Osoko Saneamendu Planaren 35 urteei buruzko ikus-entzunezko erakusketa interaktiboa jasoko du urriaren 31ra arte.

Ateak maiatzaren 28an zabaldu zituen erakusketak, kolektore -hondakin urak araztegietara eramaten dituzten hodiak- handiaren itxura duen egiturarekin emango dio ongi etorria bisitariari, etabertan 70eko eta 80ko hamarkadetako Itsasadarreko argazkiak ikusi ahal izango dira. Izan ere, XIX. mendearen erdialdean, Itsasadarraren inguruak industrializazio-prozesu handia abiarazi zuen, burdin mineralaren ustiaketan eta esportazioan eta industria siderurgikoan oinarrituta, batez ere.

Bilboko Itsasadarra, portu txikia izatetik Estatuko eta Europako industria-gune eta merkataritza-gune nagusietakoa izatera heldu zen. Itsasadarraren bazterrak lantegiz eta portu-azpiegituraz bete ziren. 1900. eta 1975. urteen artean, populazioa laukoiztu egin zen. Inolako antolakuntzarik gabeko hiri hazkundearen eta ingurumen kontzientzia faltaren ondorioz, hondakin urak -etxeetakoak eta industriakoak- zuzenean isurtzen ziren ubidera, aurretik inolako tratamendurik eman barik, ia 2.000 tona hondakin isurtzen ziren egunero, eta, ondorioz, oxigenorik gabeko estolda bihurtu zen.