BILBO. Kultur eta asialdiko zentro bilbotarretik jakinarazi dutenez, epaimahaiak aukeratuko ditu finalistak hilabete honetan zehar, eta haien izenak urriaren 31tik aurrera ezagutuko dira. Azaroaren azken astean jokoak Sail Ofizialean aurkeztuko dira, eta sari banaketa azaroaren 27an izango da, Euskal Bideo Jokoen Eguna ospatzen denean, alegia. Gainera, networking saio bat ere izango da.

AlhondigaBilbaok laugarren urtez antolatu du hóPLAY Bideo Joko Independenteen Nazioarteko Lehiaketa. Bilkurak hainbat helburu ditu, hala nola urteko erreferente bihurtu eta Bilbon teknologia, industria, kultura eta aisialdi elektronikoko sormen jarduerak eta nazioarteko arte interaktiboak erakutsi.

Ekitaldiak bideo jokoen sormena sustatzen duten arduradunen lana nabarmendu nahi du, bai eta bere hezkuntza eta jolas izaera ere. Hain zuzen, alderdi hori gailendu nahi da laugarren edizio honetan. hóPLAY 2013 ekitaldian bideo joko independenteen sektorea bultzatu nahi da, "arte eta teknologiaren arteko lana ondorio bikainak ekartzen dituela azpimarratuz".

Gainera, hóPLAYk bideo jokoen bertako enpresen aldeko apustua mantenduko du aurten ere, eta horretarako, atzerriko eta bertako enpresen arteko bilerak antolatuko ditu. Edizio honetan, gainera, Beaz sozietate publikoak antolatutako Bideogames ekimena egingo da, Basquegame euskal bideo jokoen enpresen elkartea sustatzeko asmoz.

Horrez gain, aste honetan zehar bideo jokoen inguruan hainbat tailer izango dira AlhondigaBilbaoko Mediatekako programazioaren barne, Carlos Gonzalez Tardonek koordinatuta. Kasu honetan, bideo jokoak irtenbide profesional bihurtzeko aukerak aztertzeko tailerrak egingo dira.