Leioako Udalak 130.000 euro bideratuko ditu laguntzetara, beren etxebizitza-eraikinetan hobekuntza-obrak egin dituzten auzo-komunitateentzat, betiere lan horiek honako helburu hauetako bati edo gehiagori lotuta badaude:
- Erabilera publikoko eta titulartasun pribatuko urbanizazioak hobetzea eta egokitzea. Urbanizazioa eraberritzeko edo berritzeko obrak dira, akaberei eragiten dietenak (zoladura, altzariak, lorezaintza eta argiak). Linea horretarako zenbatekoa 20.000 eurokoa da.
- Inguratzailea edo termikoa hobetzea etxebizitza kolektiboko eraikinetan. Hala nola, fatxadan eta estalkian isolamendu termikoa jartzea, hobetzea edo leihoak aldatzea. Lerro honetarako zenbatekoa 50.000 eurokoa da guztira.
- Irisgarritasuna hobetzea etxebizitza kolektiboko eraikinetan; adibidez, igogailuak jartzea igogailurik ez duten komunitateetan, atariak berritzea igogailurako irisgarritasuna bermatzeko edo kanpoko elementuak egokitzea atarirako irisgarritasuna bermatzeko. Kasu horretan, banatu beharreko zenbatekoa 54.000 euro artekoa izango da.
- Eraikin babestuen fatxada, estalkia eta/edo egitura hobetzea, 4.000 euroko partida batekin.
- Putzu septikoak deuseztatzea, hustea, garbitzea eta Galindoko hondakin-uren araztegira eramatea, guztira 2.000 euroko dirulaguntzarekin.
Laguntza jaso duten obrek ezin izan dute udalaren beste dirulaguntzarik jaso; gainera, obra-lizentzia lortu behar dute edo 2024ko azaroaren 16tik 2025eko irailaren 30era arte amaituta egon behar dute, biak barne.
Eskaerak irailaren 30era arte aurkez daitezke, Udalaren Herritarrentzako Arreta Zerbitzuetan (HAZ Udaletxea eta Gaztelubide) edo, telematikoki, udaletxean.leioa.eus -en.