Síguenos en redes sociales:

Bizkaiak 45 agente eta baliabide tekniko jarri ditu Gaztela eta Leonen eskura, baso-suteak itzaltzeko lanetan laguntzeko

Dispositiboa Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko (PSSZ), Mendi Zerbitzuko eta Basalan foru-enpresa publikoko langileek osatzen dute

Bizkaiak 45 agente eta baliabide tekniko jarri ditu Gaztela eta Leonen eskura, baso-suteak itzaltzeko lanetan laguntzekoEP

Bizkaiko Foru Aldundiak 45 profesional eta hainbat baliabide tekniko bidali ditu Gaztela eta Leonera, Estatuko hainbat tokitan piztutako baso-suteei aurre egiten laguntzeko. Mobilizazioa Gaztela eta Leongo Erkidegoak Eusko Jaurlaritzari egindako laguntza-eskaeraren ondorioz gauzatu da, larrialdietako erakundeen arteko lankidetzaren esparruan.

Konboia abiatu da Uriosteko foru parketik, eta Leon probintziako Boca de Huérgano udalerrira (Riaño ingurua) bidean doa. Dispositiboa Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko (PSSZ), Mendi Zerbitzuko eta Basalan foru-enpresa publikoko langileek osatzen dute.

Parte-hartzaileak eta baliabideak

Bidalitako taldea 15 PSSZ kidek osatzen dute: 10 suhiltzaile, 2 kabo, sarjentu bat, ofizial bat eta ikuskatzaile bat. Haiekin batera, esku-hartzerako 8 ibilgailu abiatu dira, besteak beste bi ponpa astun, bi zisterna, bi pickup lur orotako, aginte-ibilgailu bat eta furgoneta logistiko bat.

Horiez gain, Mendi Zerbitzuko 10 profesionalek parte hartzen dute —3 zuzendari tekniko, 6 baso-agente eta laguntzaile bat—, eta Basalaneko 20 langilek (2 teknikari eta 18 baso-espezialista) ere bai.

Operatiboak basogintzan esku hartzeko material ugari darama: eskuzko tresnak, motozerrak, sute-zuziak, sastrakak kentzeko robot bat eta 500 litroko biltegia duen pickup bat. Gainera, drone bat eraman da, suteen behaketa eta jardueren plangintza airetik laguntzeko. Oro har, Mendietako eta Basalaneko taldeak lur orotako 10 ibilgailutan mugituko dira.