Bilborockek ostegunean, maiatzaren 8an, 18:00etan, "Gazte Digitalk" jardunaldia hartuko du. Ekitaldia Bilboko Udalak, Europe Direct Bizkaiak, Eurobasquek, Europa x Euskadi taldeak eta ESN Bilbaok antolatu dute, Europaren Egunaren harira. Jardunaldiak desinformazioaren eta erradikalizazio digitalaren garaia aztertuko du, arlo horretako aditu ezagunekin. Publiko ororentzat da, eta parte hartzea doakoa bada ere, aldez aurretik izena ematea gomendatzen da. Horretarako, BilbaoGazte-ren sare sozialetan aurki daitekeen esteka erabil daiteke."Gazte Digitalk" programaren helburua da gazteek hausnartzea eta kontzientzia hartzea desinformazioaren eta erradikalizazio digitalaren arriskuei buruz; izan ere, Europako Kontseiluak Herritartasun Digitalerako Hezkuntzaren Europako Urte izendatu du 2025a.
Eurobarometroaren azken inkestaren arabera, Europako gazteen % 42k lehenago jotzen du sare sozialetara gai politiko eta sozialei buruzko informazioa jasotzera, komunikabide tradizionaletara baino. Iazko urrian egindako ikerketa horrek, gainera, agerian uzten du gazte gehienak Interneteko desinformazioaren arriskuez jabetzen direla (% 76k uste du desinformazioaren edo albiste faltsuen eraginpean egon dela), baina % 70ak uste du gai dela fenomeno hori antzemateko.
"Gazte Digitalk"ek mahai-inguru parte-hartzaile bat izango du, bereziki gazteei zuzendua. Partaideetako bat Diego Martín Rodríguez izango da, Europako Batzordeak Estatuan duen community managerra eta desinformazioan aditua. Jarraian, alor digitaleko ahots ezagunak entzungo ditugu, hala nola Ana Ayerbe, TECNALIAko Unitate Digitaleko CORES arloko zuzendaria eta zibersegurtasunean aditua; Patricia del Castaño, Europako testuinguruan desinformazioan espezializatutako ikertzailea eta EHUk sustatutako "QYourself" Europako proiektuko kidea; eta Quinndy Akeju, komunikatzailea, ikertzailea eta ekintzailea, eta sare sozialetako "Afrocolectiva" hedabidearen sortzailea eta koordinatzailea.