Bizkaiko Foru Aldundiak amaitutzat jo du Euskadiko lehen Bike Parkaren lehenengo fasea, Arrigorriagako Montefuerte parkean. Espazio berri honek txirrindulari kualifikatuei aukera ematen die diziplina anitzeko modalitateetan (Cross Country, Downhill, Ciclocross, BTT, Dirt) modu seguru eta kontrolatuan praktikatzeko.
Parke honek, Bizkaian eta Euskadin lehenengo Bike Park diziplina anitzekin, leku ezin hobea da txirrindularientzat beren gaitasunak garatzeko eta aukera berriak esploratzeko. Ostiral honetan pistara egindako bisitan, Arantza Atutxa Natura Ingurune eta Nekazaritza diputatuak honako hau nabarmendu duenez, "... jarduera hau Foru Aldundiko Natura Ingurune eta Nekazaritza Sailak abian jartzen dituen ekintzen barruan sartzen da, eremu naturalak herritarren erabilerarako egokitu daitezen. Kasu honetan, Montefuerteko diziplina anitzeko Bike Park hau prest dugu, kirolarien kolektibo batek erabil dezan, Euskadin aparta den espazioa eskaintzen baita haientzat". Diputatuarekin batera, Álex Álvarez izan da, Miribilla Cycling Eskolako presidentea, eta Manu Gómez Arredondo ere bai, Bizkaiko Txirrindularitza Federazioko presidentea.
Zirkuituak ingurunean integratuz diseinatu dira, ahalik eta inpaktu txikiena sor dezaten. Makineria txikia erabili da, eta sektoreko profesionalek eskuz egin dituzte lan gehienak. Ez da inolako zoladurarik erabili, bidezidorren naturaltasuna errespetatzearren. Era berean, material naturalak aukeratu dira, hala nola zirkuituen seinaleztapen-euskarrietako zura.
Eremu berritzailea da, egunero ingurune horretaz gozatzen duten gainerako erabiltzaileekiko bizikidetzaren eta errespetuaren premisatik abiatuta eraiki baita. Lehenengo fase hau amaituta dago, jendearentzat irekita, eta 4,8 kilometrotik gora biltzen ditu pistetan, modalitate bakoitzera berariaz bideratutako eremuak dituztenak.
Pista hori diseinatzeko eta probatzeko prozesuan, Bizkaiko Foru Aldundiak harreman zuzena izan du aholkularitza teknikoa eman duten Miribillako Cycling Eskolarekin eta Bizkaiko Txirrindularitza Federazioarekin.
Manu Gómez Arredondo Bizkaiko Txirrindularitza Federazioko presidenteak eskerrak eman zituen bere hitzaldian foru erakundeak proiektuaren garapenean izan zuen inplikazioagatik. "Instalazioen erabilera eredugarria egin behar dugu, eta inbertsio horiek merezi dutela erakusten jarraitu" adierazi du, parte hartzera gonbidatuz.
Miribillako Cycling Eskolako presidenteak, berriz, esan du "Bike Park hau aurrerapauso handia izan da gure eskolako haurren eta gainerako erabiltzaileen ikaskuntza kalitatean. Erreferentea izango den instalazio bat da ".