Bilboko Udalak hasiera emango die datorren astean Zorrotzako Punta auzoan kokatuko den Zirgarien parke berria egiteko obrei, zehazki, Renfe Aldirietako trenbidearen, itsasadarraren eta Artsenalbidearen arteko eremuan. Lanek 2.653.620,19 euroko aurrekontua dute (BEZa barne) eta datorren astelehenean hasiko dira, irailaren 16an. Hamar hilabeteko epean amaitzea espero da.
Guztira, 11.022 metro koadro izango ditu parkeak, eta berdeguneak, egoteko guneak, jolaserako guneak eta kirol-guneak izango ditu. Horrela, alboko lurzatian aurreko fase batean egindako pump trackaren ondoko espazioaren kirol-eskaintza zabalduko da. Gainera, bidegorriari jarraipena emango zaio eremu atseginago batean, eta oinezkoen ibilbideak bultzatuko dira espazio berriaren barruan.
EGOTEKO GUNEAK ETA BIDEAK
Bide nagusiaren bitartez, egoteko guneen multzo bat sortu eta konektatuko da. Bigarren mailako bideek gainerako espazioak lotuko dituzte, hala haurrentzako jolasguneak nola egonlekuak.
Egonlekuek bankuak eta mahaiak izango dituzte, eta giro desberdinak sortuko dituzte. Gainera, altzarien artean bankuak jarriko dira, irisgarritasun-araudiaren arabera egokituak, beso-euskarriarekin eta bizkarraldearekin.
Bestalde, bide nagusiak zabalera handia izango du, larrialdietarako eta mantentze-lanetarako ibilgailuak igaro ahal izateko; hau da, gutxienez 5 metroko zabalera izango du. Bigarren mailako bideek, berriz, 2 metroko zabalera egokitua izango dute.
Ibilbide horiek oinezkoen eta bizikleten arteko bizikidetza erraztuko dute, modu jarraituan baina nahastu gabe.
Alde horretatik, aurreko fasean egindako bidegorriari jarraipena emango zaio, lehenengo trenbidearen ondoan eta gero kaian zehar. Errei hori erabiliz bizikletaz sartu ahalko da parkera, baina parkearen konfigurazioak berak aparkatzera bultzatuko du erabiltzailea, oinezkoentzako edo jolaserako guneetara iritsi aurretik.
Hartara, bidegorriaren ondoan bizikletak aparkatzeko hiru eremu erreserbatuko dira, eta obraren erreferentziazko hiru espazioei emango diete zerbitzua: kirol-espazioak, haurrentzako jolas-eremuak eta mahaiak dituzten egoteko guneak. Aparkaleku horiek hainbat ainguraketa-puntu izango dituzte. Haietako bitan hamabi bizikleta aparkatu ahal izango dira. eta hirugarrenean (itsasadarretik hurbilen dagoenean), lau.