Síguenos en redes sociales:

Bilbao Arte Sacro (BAS) Jaialdiaren edizio berria Enkarnazioko elizan ospatuko da

Sarrerak salgai daude jada ohiko kanaletan, 8 eurotan

Bilbao Arte Sacro (BAS) Jaialdiaren edizio berria Enkarnazioko elizan ospatuko da martxoaren 22tik. Programak bost kontzertu eskainiko ditu, 19:30etik aurrera, nazioarteko taldeak elkartuta. Hauek XII. eta XX. mendeen artean idatzitako erlijio-musika jorratuko dute. 

COLLEGIUM 1704 taldeak hasiera emango dio programazioari bihar, martxoak 22 ostirala, "Musica per la Settimana Santa" programarekin, Jan Dismas Zelenka (1679-1745) txekiar musika barrokoaren ordezkari nagusienaren lanak biltzen dituena. Václav Luksen gidaritzapean, eta Helena Hozová sopranoaren eta Tomáš Šelc baxuaren ahotsekin, taldeak Zelenkak Aste Santuko liturgiarako sortu zituen hainbat obra jorratuko ditu.

Sarrerak salgai daude jada ohiko kanaletan, 8 eurotan, eta, edukierak ahalbidetuz gero, Enkarnazioko Elizan eskuratu ahal izango dira kontzertu bakoitza hasi eta ordu bete lehenago.

MARTXOAK 23, CALMUS ENSEMBLE

Larunbatean, martxoak 23, CALMUS ENSEMBLE taldeak zortzi ahotsetara joko ditu J.S. Bachen motete osoak eta J.G. Rheinbergerren "Cantus Missae". Kontzertuan, Elisabeth Grümmer oboeak, Magdalena Schenk-Bader biolak eta Antje Nürnberger biolontxeloak hartuko dute parte.

MARTXOAK 24, ENSEMBLE IL CARAVAGGIO

Hirugarren egunean, martxoaren 24an, igandea, ENSEMBLE IL CARAVAGGIO izango da formazio protagonista, "Die Schuldigkeit des ersten Gebots KV35" drama sakratuarekin, Wolfgang Amadeus Mozartek (1756-1791) bere aitarekin lankidetzan, 11 urte zituela, idatzi zuen lehen opera. Gwendoline Blondeel sopranoaren, Mathilde Ortscheidt mezzosopranoaren eta Julien Behr tenorraren ahotsak eta Camille Delaforgeren musika zuzendaritza izango dira saioan.

MARTXOAK 25, BARBARA HENDRICKS

Astelehenean, martxoak 25, BARBARA HENDRICKS sopranoak, Roland Pöntinen pianistak eta Ulf Englund gitarristak "Amazing Grace" programari helduko diote. Bertan, J.S. Bach, Franz Schubert, Franz Liszt eta Maurice Ravel konpositoreen lanetan zehar bidaia espirituala egingo dute, XX. mendeko espiritual beltzetara eta gospel kantuetara iritsi arte, hala nola "Sometimes I feel like a Motherless Child", "Gloria Aleluya" eta "Amazing Grace".

MARTXOAK 26, TIBURTINA ENSEMBLE

Azkenik, martxoaren 26an, TIBURTINA ENSEMBLEk amaiera kontzertua eskainiko du "Ego sum homo" lanarekin, Hildegard von Bingen (1098-1179) mistika, konpositore eta idazleak konposatutako kantuen aukeraketa batekin.