Bizilabeko gazteak zientziaren emakume profesionalekin batu dira parekoen topaketa ekimenean. Bilboko Zabalgune Eraikinean ospatu den ekimena eremu profesionaleko Bilboko 19 emakumek eta Bizilabe programako 10-16 urte bitarteko 80 gazteek batu ditu.

Mahai bakoitzean zientzialari bana eta gazte talde bat egon dira. Lehenik, emakume profesionalak bere burua aurkeztu eta egiten duen lanaren berri eman die gazteei eta, ostean, gazteek Bizilabe programan egiten ari diren proiektuaren berri eman diote profesionalari. Ideiak elkar trukatuta, zientzialariak zenbait iradokizun eta aholku eman dizkie gazteei eta, gazteek zientzialariari galderak eginez, bere jarduna gehiago ezagutzeko aukera izan dute.

Segidan, mahaiez mahai mugitu dira zientzialariak, ideia elkartrukea mahai bakoitzean errepikatuz. Ekimen honi esker, gazteek lehen eskutik ezagutzen dute zientziaren eta teknologiaren eremuko profesionalen lana, eremu horietako emakumezkoak ikusarazten da eta gazteek esku artean dituzten proiektuak garatzeko aholkuak jasotzen dituzte.

Parekoen topaketa Bilbon egiten den 3. aldia daBizilabe Bilbao 2017an martxan jarri zen eskolaz kanpoko jarduera da eta gazteek zientzia eta teknologia lantzen dute bertan. Arlo horiekiko interesa pizteko orduan, eragin handia dute aisialdian egiten diren ekintzek. Ondorioz, oso garrantzitsua da Bilboko erakunde desberdinen arteko saretzea (instituzio eta erakundeak, ikastetxeak, enpresak, familiak…) eta saretze horren emaitza da, besteak beste, “Parekoen Topaketa”.