Bilboko Udal Musika Banda ostiral honetan, martxoak 22, itzuliko da hiriko eszenatokirik esanguratsuenetako batera, Joan Santuen elizara. Iñaki Urkizu Bandako zuzendariordea jarriko da taldearen buru errepertorio zabal bati aurre egiteko. Bernardo Adam Ferrero, Joan Lamote de Grignon, Alfredo Javaloyes, Abel Moreno eta Emilio Cebrián bezalako maisuen lanak entzungo dira.

Talde bilbotarrak, 19:00etatik aurrera, "Pasio-espazioak" izeneko kontzertua eskainiko du Joan Santuen elizan. Aste Santuaren bezperan, Musika Bandak garai honetako tradizio kulturaren pasio, aberastasun, aniztasun eta eklektizismoari musika ipiniko die.

Publikoak Aste Santuan egin ohi diren prozesioei laguntzeko sortu eta konposatutako musika estilo honetako doinuez gozatzeko aukera izango du. Kontzerturako sarrera doakoa izango da elizaren edukiera bete arte. Ateak 18:30etan irekiko dira.

Emanaldi honen ondoren, Banda Euskalduna Jauregira itzuliko da, auditorium honetako kontzertu-zikloari amaiera emateko. "Poztasunari oda" izeneko ikuskizuna apirilaren 21ean izango da, eta denboraldiko emanaldi berezienetako bat izango da. Izan ere, Bandak, José R. Pascual-Vilaplana zuzendariaren gidaritzapean, Naroa Intxausti sopranoa, Marifé Nogales mezzosopranoa, Mikeldi Atxalandabaso tenorra, Fernando Latorre baritonoa eta Bilboko Koral Elkartea izango ditu lagun, baita Musikene - Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegiko ikasleak ere. Kontzertu honetan Ludwig van Beethovenen "9. Sinfonia" entzungo da, bigarren mendeurrena betetzen duena.