UPV/EHUk Kazetaritza Matxistaren Behatokia aurkeztu du
Proiektua sortu da ikertaldearen eta Pikara Magazineko Emakume Kazetarien Elkartearen elkarlanetik
Kazetaritza Matxistaren Behatokia aurkeztu dute UPV/EHUko ikertzaileek eta Pikara Magazineko Emakume Kazetarien Elkarteko arduradunek, Bilboko Itsasmuseumen. «Kazetaritza matxista kazetaritza txarra da. Kalitate kontua da, ortografia akats bat edo ehuneko batean huts egitea izan daitekeen bezala. Ez dago kazetaritza matxista onik», adierazi du Angeriñe Elorriaga UPV/EHUko ikertzaileak. Egitasmoaren zuzendaria da, erakunde berean ikertzaile ere baden Iker Merchánekin batera. Kontua ez da albistea eragin duen gertaera matxista gisa seinalatzea, kazetariak haren berri emateko modua matxista izan dela salatzea baizik. Albiste sexista bakoitzean, esaten da zergatik den matxista eta hedabideak erreakzionatu duen ala ez (informazioa editatuz, ezabatuz edo azalduz), eta hobetzeko proposamen bat egiten da.
Proiektuaren oinarria da periodismomachista.com webgunea, zeinaren eginkizuna baita hedabideen jardunean izaten diren sexismo kasuak bistaratzea eta matxismo motaren arabera kategorizatzea, profesionalek -emakume nahiz gizon- beren egunerokoan saihets ditzaten.
Unibertsitatea-Enpresa-Gizartea deialdiaren barruan kokatzen den egitasmo honek bultzada eman nahi die kalitatezko ikerketari eta ezagutzaren transferentziari, eta elkarlanaren emaitza da, UPV/EHUko Bitartez ikertaldearen (euskal unibertsitate sistemaren kalifikazio akademiko gorena jaso duena) eta Pikara Magazineri (feminismoei buruz gaztelaniaz gehien irakurritako hedabidea) loturiko Emakume Kazetaren Elkartearen artekoa.