Bizkaiko Foru Aldundiak datorren ostiralean, martxoak 8a, irekiko ditu berriro Gaztelugatxeko San Joaneko irlatxorako sarbideak inguru horretako segurtasuna hobetzeko obra gehienak amaitu ondoren. Oro har foru erakundeak 915.536,96 euroko inbertsioa egin du obra hauetan; lan hauen helburu komuna enklabea bisitatzen duten pertsonen eta inguruan etengabe lan egiten duten langileen segurtasuna hobetzea da.

Toki horretan orain lan txikiak egingo dira 2021eko urtarrilean izandako luiziak kaltetutako segurtasun-hesiak amaitzeko. Horregatik uhartetxora iristen den bidearen azken tartea balizatuta egongo da aldi baterako hesi batzuekin, oinezkoentzako pasabidea ahalbidetzeko eta erremate horiek egingo diren ezpondatik hurbilen dagoen eremua babesteko.

Aurrekontu horren zatirik handiena, 407.144,59 euro, BEZ barne, uhartetxora iristeko eskalinataren hainbat tarte birgaitzeko erabili da. Lan horiek diseinatzeko ingurunean integratzeko alderdi estetikoak hartu dira kontuan eta, aldi berean, tokiko materialak erabili dira enklabe osoaren irudia kontserba dadin. Lan horietan, besteak beste, hormen beheko aldean antzemandako zuloak konpondu dira; horma horiek zaharberritu dira osatzen dituzten harlangaitzak birjarriz; baselizatik hurbilen dagoen gunean dagoen arrakala konpondu da; eta hainbat puntutan horma goratu da Gaztelugatxeko San Joanera iristen diren pertsonen segurtasuna bermatzeko egokitzat jotzen den gutxieneko garaierara irits dadin.

Beste 508.392,37 euro (BEZa barne) 2021eko lur-jausiak kaltetutako eremuan bidea egonkortzeko lanetan inbertitu dira. Luiziak eragin larria izan zuen uhartetxora iristeko bidean eta, izan ere, orain arte trafikoa oso mugatuta egon da, iristeko baldintzak ez baitziren egokiak. Ondorioz, lurraren egonkortasuna bermatzeko eta lur-jausi berriak saihesteko lan egitea erabaki zen, aldi berean zerbitzuko ibilgailuen irisgarritasuna bermatuz, oraingoan mendi-hegalaren behealdetik. Egonkortze-lanei ekin aurretik lan osagarriak egin ziren: aldi baterako euste-sistemak jarri ziren luiziaren ondoren sortutako lur-erauzketa berriaren gainean, obran parte hartzen duten langileek segurtasunez erabili ahal izan zezaten sarbidea. Behin zeregin horiek amaituta, bidea egonkortu egin zen mikropilotezko pantaila bat instalatuz; pantaila hori mikropiloteen bi ilarek eta hormigoi armatuzko habe handi batek eusten dion lurzoruari ainguratzeko hirugarren ilarak osatzen dute. Jarduketa hauek guztiak ezpondaren kontrol topografiko zorrotzaren pean egin dira, obren ardura duten langileen segurtasuna bermatzeko.