Bilboko Udalak dagoeneko bukatu ditu “Herriak Egiten” izeneko hiria hobetzeko 27 proiektuak. “Herriak Egiten” aparteko funtsen pakete bat da. Funts horiek pandemiak sortutako krisiaren eragina arintzeko aktibatu ziren, eta 2023ko ekitaldi osoan garatu ziren. Lurralde osoaren partida ekonomikoa 58 milioi eurokoa izan zen. Bizkaiko Foru Aldundiak transferitzen ditu eta Estatuaren baliabideetatik datoz.

Bilboren kasuan, 15 milioiko aurrekontuarekin, 27 proiektuak hasi eta bukatu egin dira. Haien helburu behinena hiria hobetzea izan da, “Herriak Egiten”en trantsizio estrategikoetarako finkatutako lau ardatzei lotutako inbertsioekin: iraupen luzeko zaintza, digitalizazioa, mugikortasun jasangarria eta ingurumena.

Jarduketak askotarikoak izan dira: zenbait kiroldegi osorik birmoldatzeko obrak, kultur instalazioak handitzea eta martxan jartzea (esate baterako, BilbaoArte erakusketa-espazio berria), energia-eraginkortasuneko hobekuntzak, irisgarritasuna, baliabide digitalak eta abar.

BURUTU DIREN 27 PROIEKTUAK

  1. ARRAUNKETA PABILOIA BIRGAITZEA ETA HANDITZEA (1.169.573 €). Jarduketa honen bidez, oraingo pabiloia 686 m2tan handitu da, Zarandoa etorbidean eraiki gabe dagoen partzelaren zati bat okupatuz. Obra honen bidez, oraingo aldagelak bikoiztu dira eta 300 m2 gehiago lortu dira gimnasioarentzat. Gainera, ontzien hangarra 150 m2tan handitu da.
  2. BILBAO ARTEREN ERAKUSKETA-ESPAZIO BERRIA (952.100 €). Uribitarteko pasealekuan dagoen lokala birgaitzeko obrak, erakusketa-areto berri bat sortzeko. URIBITARTE40 izena eman zaio eta, hain zuzen ere, BilbaoArteren 25. urteurrenean ireki da. Fundazioaren funtsetako obrak erakusteko nahiz bekadun artisten edo entitateari lotutako artisten aldi baterako erakusketak egiteko izango da.
  3. TXURDINAGAKO KIROLDEGIKO IGERILEKUETAKO ARAZTEGIA (558.464 €). Txurdinagako kiroldegiko igerileku estaliaren arazketako elementu guztiak ordeztu dira. Helburua uraren kalitatea hobetzea eta kontsumoa murriztea izan da.
  4. BELAR ARTIFIZIALA AITXARTEN (22.6627 €). Belar artifiziala ordeztea, haren euskarria hobetzea (putzurik ez egiteko). Ureztapena eta kirol-ekipamendua ordeztu dira. Horrela, kalitate handiagoko jokaleku bat eskaintzen da.
  5. TENIS-PISTA ESTALI BERRIA ETA FUTBOL-ZELAIA ERREKALDEKO KIROLDEGIAN (667.388 €). Jarduketa honetan, tenis-pista zahar batzuk eraitsi dira eta 7ko futboleko zelai berri bat jarri da. Oso beharrezkoa da hori Errekaldeko kiroldegian, gero eta talde gehiagok erabiltzen baitituzte instalazioak. Gainera, tenis-pista berri bat egin da punta-puntako zoru sintetikoz, guztiz estalia.
  6. KIROLDEGIETAN PLAKA TERMIKOAK ETA ENERGIA BERRIZTAGARRIAK EZARTZEA (106.621 €). Obra Errekaldeko kiroldegiko igerilekuko teilatuan egin da. Punta-puntako plaka hibrido berriak ipini dira, energia termikoa eta fotovoltaikoa modu konbinatuan sortzeko. Horrela, igerilekuko ura berotzeko ahalik eta gas gutxien erabiltzen da.
  7. ZIBERSEGURTASUNA HERRITARRENTZAT (658.240 €). Bilboko udal wifi sarea digitalki babesteko zerbitzu bat abian jartzea, jendeari bere gailuetan dauzkan segurtasun-arriskuak jakitera emateko. Orain arte, malware moduan identifikatzen ziren sarrerak blokeatzen ziren, baina ez zitzaion pertsonari alerta egokia bidaltzen. Beraz, malwareak gailuan segi zezakeen. Zerbitzu honen sorrerarekin, ofentsibara pasatzen gara: dagokion pertsonari arriskuaren berri ematen diogu, inork haren informazioa modu bidegabean ez dezan eskuratu. Gainera, kontzientziazioko plataforma bat dago, aldez aurretik ziberdefentsaz eta ziberbabesez ezer ez dakien jendeari multimedia izaerako prestakuntza-pilulak emateko.
  8. BIZIKLETENTZAKO APARKALEKU SEGURUAK EGOILIARREN PARKINGETAN (270.323 €). Bizikleten aparkaleku seguruak instalatu dira udalak egoiliarren ibilgailuentzat dauzkan aparkalekuetako hamaiketan. Aparkaleku horiek esparru itxi bat daukate eta barruan bizikletak ipintzeko euskarriak daude. Gainera, argiak eta bizikleta elektrikoak kargatzeko puntuak hornitzeko instalazio elektrikoa dago.
  9. BIDE-SEGURTASUNAREN HOBEKUNTZA BIZIKLETEN AZPIEGITURETAN (505.620 €). Bidegorriak hobetzeko obrak Areiltza Doktorearen zumarkalean, Askatasuna etorbidean eta Ametzolako parkean. Helburua espazio horien bizitza baliagarria luzatzea da, baldintza egokiak denbora luzeagoan mantentzea eta, horrenbestez, ziklisten segurtasuna hobetzea.
  10. UDAL DUTXEN KOKALEKUA ALDATZEA (1.103.906 €). Bilbo Zaharreko auzoan dutxa publikoak prestatzea. Behar-beharrezko zerbitzua da bazterketa-arriskuan eta energia-pobreziako egoeran dauden inguruko bizilagun askorentzat. 410 m2ko azalera daukate.
  11. ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOA GARATZEKO DIGITALIZAZIOA (85.000 €). Ekipoak, aplikazioak eta tresna digitalak erostea.
  12. BILBOKO HILERRI ZERBITZUARENTZAT MAKINERIA ELEKTRIKOA HORNITZEA (49.865 €). Makineria ordeztea, energia garbiak sustatzeko.
  13. HIRI-ESPAZIO PRIBATUAK BERRONERATZEKO ETA ERAIKINAK ETA ETXEBIZITZAK ENERGIAREN ALDETIK BIRGAITZEKO LAGUNTZEN PROGRAMA, A+ LERRO BERDEA (363.412 €). Laguntza ekonomiko hauen bidez, energia-eraginkortasun handiagoa lortzen duten obrak bultzatzen dira eta energia aurrezteko inbertsioak sustatzen dira. Gainera, erabilerarik gabeko eta/edo degradatutako espazioak, edo udalerriko jabetza pribatuko eraikinetako fatxadak, teilatuak eta antzeko elementuak eraldatzea sustatzen da, birnaturalizazio ekintzen bitartez. 363.412,00 euroren laguntzak onetsi dira, 2.062.000 euroko zenbateko babesgarri batekin. 3.066 etxebizitzak jaso dituzte laguntzak. Laguntzen % 20 energia-eraginkortasuneko ziurtagiriak eta auditoretzak diruz laguntzera bideratu dira; gainerakoa, etxebizitzetako (% 5,61) eta erakinetako obra partikularretara.
  14. SURBISAREN WEB KORPORATIBOA (11.588 €). Surbisaren web-orria modernizatzea eta haren erabilera erraztea, Hiri Berroneratzearen Sailaren politikak abian jartzen dituen udal entitatea den aldetik. Horrela, komunikazioa eta irakurketa erraza hobetu ditu bere laguntza-programetan, eta erraztu egin zaie kudeaketa eta izapidetze burokratikoa Surbisaren esku-hartze eremuetan bizi diren eta kalteberatasun sozioekonomikoagatik (eta beste arrazoi batzuengatik) lehentasunezko birgaitze-eremutzat jo diren jabeei eta bizilagunei.
  15. ETXEBIZITZAKO IRISGARRITASUNERAKO LAGUNTZAK ADINEKO PERTSONENTZAT (75.000 €). Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak, 60 urte baino gehiago, mugikortasun murriztua edo zentzumenetako desgaitasuna duten pertsonen etxebizitzak egokitzeko obrak eta instalazioak egiten laguntzeko, Bilbon. Obra edo instalazio horien bidez, irisgarritasun-baldintzak hobetzen dira, arkitektura-oztopoak kentzen dira eta zentzumen-desgaitasuna duten pertsonen beharrizanetara egokitzen dira. Guztira 75.000 euroko balioa daukaten laguntzak onetsi dira; hau da, obraren zenbatekoaren % 41,84 babestu da, batez besteko inbertsioa 2.142,86 eurokoa izanik. Eskaera egin duten pertsonen % 45,71 emakumeak izan dira; % 98,01a 60 urtetik gorakoa, eta % 16,56a desgaitasuna daukaten pertsonak.
  16. UDAL ETXEBIZITZEN ARTXIBOA DIGITALIZATZEA (318.407 €). Jarduketa honek digitalizazioaren zikloa ixten du, papera euskarri digitalarekin ordeztuz erabat. Bilboko Udal Etxebizitzak-ek espediente guztiak elektronikoki izapidetzea lortu du, teknologia aurreratuenari egokitutako euskarri batekin.
  17. ETXEBIZITZA KOLABORATIBORAKO APLIKAZIO INFORMATIKOA (15.000 €). Etxebizitzaren parke publikoaren kudeaketarako adjudikazio-sistema berriena da. Erabiltzailearekiko harremana etxebizitza aukeratzeko eta kontratazio elektronikoa egiteko bitarteko interaktiboen bidez lortzen da hemen.
  18. ETXEBIZITZA DUIN BAT ESKAINTZEKO ETA IRISGARRITASUNA HOBETZEKO EGITEN DIREN INBERTSIOAK (253.000 €). Inbertsio horien bitartez, Bilboko etxebizitza publikoaren udal parkearen kudeaketaren zutabe nagusiari erantzuten zaio, duintasuna emanez, irisgarritasunaren eta erosotasunaren alorrean.
  19. EDATEKO URAREN BILTEGIEN BERRIKUNTZA ESTRUKTURALA ETA DIGITALIZAZIOA, 1. fasea. Obra hauen bidez, zuntz optikoa jarri da biltegietan eta ponpatze-estazioetan, ura hornitzeko. Datuak transmititzeko telekomunikazioetako azpiegitura hobetu da. Horrela, denbora errealean jakin daitezke kontsumoen datuak, emariak, galerak eta abar. Horrek zerbitzuaren kalitatea hobetzen du.
  20. EDATEKO URAREN BILTEGIEN BERRIKUNTZA ESTRUKTURALA ETA DIGITALIZAZIOA, 2. fasea (1. eta 2. faseak, guztira: 2,4 M€). Proiektu honetan, jarduketa hidraulikoak, segurtasunekoak eta operatiboak, eta egiturazko esku-hartzeak egin behar izan dira, Bilbon ura hornitzeko biltegiak hobetzeko, finkatzeko eta modernizatzeko. Dagoeneko hedatuta dagoen zuntz optikoa biltegiei eta ponpatze-estazioei lotzen amaitzeko lana egin da. Azkenik, kloroa, PHa eta uhertasuna aztertzeko 8 gailu jarri dira Bilboko Ur Partzuergoaren sareko hartuneetan.
  21. ZAZPI KALEETAKO ARGIEN ENERGIA-ERAGINKORTASUNA HOBETZEA (1.011.882 €). Argi-puntuak LED teknologiara aldatzea Zazpi Kaleetan. Horrela argiztapena hobetu da, energia-eraginkortasuna handitu da, argi-puntuak telekudeatzen dira, eta dirua aurrezten da energiaren kontsumoan.
  22. SANEAMENDUKO SARE BEREIZIAREN ERAIKUNTZA SALBEN, HOBEKUNTZA ETA SANEAMENDU OBRAK (1.492.497 €). Salbeko obra Artxandako ipar arroa birnaturalizatzeko planaren barruan dago. Proiektu honekin, ur beltzen eta euri-uren sareak berritu dira. Haien gaitasun hidrauliko nahiz estrukturala hobetu da, eta jariatze-ura (euri-ura) itsasadarrera bideratu da, ur horren kalitatea bermatuz, horrelakoak isurtzeko ezarrita dauden parametroak kontuan izanik. Beraz, ur-biltegi orokorrera bideratutako emariak murriztu dira, eta behar ez den arazketa bat egitea saihestu da.
  23. ZELEMINTXUKO KOLEKTOREA BERRERAIKITZEA, HOBEKUNTZA ETA SANEAMENDU OBRAK (991.881 €) Kolektorearen obra Tiboli Zelemintxuko arroa birnaturalizatzearen parte da: Salbe bezala, Artxandako ipar arroan sartuta dago. Jarduketa honen bidez, Uribarri auzoan eraikinen azpitik doazen emariak bide publikoetan dauden sareetara birbideratu dira.
  24. GAILU MUGIGARRIEN KUDEAKETA-SISTEMA (185.155 €).
  25. UDAL ERAIKINETAKO IRISGARRITASUNA HOBETZEA (242.238 €). Irisgarritasunaren alorreko hainbat esku-hartze egin dira 9 udal dependentzietan. Horiei esker, sarbidea eta erabilera erraztu zaizkie desgaitasun funtzionala duten herritarrei. Bereziki aipatu behar ditugu Castaños kaleko barrutiko udaltegian eta Udaltzaingoaren 4 polizia-etxetan egindako jarduketak. Haiei esker, irisgarritasun unibertsaleko estandarrak lortu dira, izaera fisikoko oinarrizko baldintzak betez eta zentzumenen alderdiak, kognitiboak, aintzat hartuz.
  26. ZINEMA ESKOLAKO LOKALA EGOKITZEA (877.955 €). 2.300 m2ko lokal baten barrualdea Zinema Eskolako jarduerak hartzeko gaitzea. Bertako prestakuntza-programak zinemaren industrian lan egiten duten mota guztietako profesionalak gaitzen ditu (argi-teknikariak, muntatzaileak, makilatzaileak, efektu berezietako teknikariak eta abar). Obraren eremuan ikasgelak, entsegu-gelak, tailerrak, proiekzio-gela eta administrazio-bulegoak sartzen dira.
  27. UDAL ERAIKINETAN ENERGIA FOTOVOLTAIKO BERRIZTAGARRIA EZARTZEA (378.951 €). Energia aurrezteko eta modu eraginkorragoan erabiltzeko, eta energia berriztagarriak sustatzeko eta erabiltzeko hasitako jarduketak. Besteak beste, eguzki-plaka fotovoltaikoak jarri dira Elorrietako ibilgailu-parkeko nabeetako baten teilatuan. Otxarkoagako barrutiko udaltegian, Aznar eraikinean eta La Perreran ere jarri dira.