Urtarrilaren 15etik aurrera, BilbaoBizi zerbitzua astelehenetik igandera egongo da martxan, 5:00etatik 00:00etara bizikletak maileguan hartzeko, eta 00:30era bizikletak itzultzeko. Bizikleta elektrikoen BilbaoBizi zerbitzua 2018ko azaroan abiarazi zen. Harrezkero, 7.798.244 erabilera erregistratu dira, eta, 2023an, 2 milioi maileguko zifra errekorra hautsi da, hau da, egunean batez beste 5.636 erabilera.

Nora Abete alkateorde eta Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotziak gogorarazi duenez, "Bilboko BilbaoBizi bizikletak mailegatzeko udal-zerbitzuak uri osotik banatutako 46 mailegu-gune eta 700 bizikleta ditu; zerbitzu publiko bat da eta helburu du garraiobide osasungarri, jasangarri eta ez-kutsatzaile horri erabilita urian barrena egiten diren joan-etorriak bultzatzea".

"Bizikletaz, oinez edo garraio publikoz mugitzea da giza dimentsio handiagoa duten hiriak lortzeko zuzeneko bidea, eta horixe da, hain zuzen ere, azken urteotan mugikortasunaren arloan abian jartzen ari garen neurriekin Sailak eta Udalak ezarri dugun helburu ukaezina", zehaztu du.

Gaur egun, 22.880 pertsona daude erregistratuta zerbitzuan. Haietatik % 12,9 23 urtetik beherakoak dira, eta % 5,7 65 urtetik gorakoak.

Blas de Oteroko eta Intermodaleko mailegu-guneak dira erabilienak hirian: guneok 4.600 eta 3.600 erabilera (bizikletak hartzea eta itzultzea) baino gehiago dituzte astean, hurrenez hurren.

Bestalde, beheranzko joerari eusten diote bandalizazio-indizeek: 2023an, egunean 10,9 bizikleta bandalizatu ziren, hau da, 2022an baino % 70 gutxiago (urteko batez bestekoa 37 bizikletakoa izan zen).

2021ean, Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak, Bilboko Udaleko beste sail batzuekin koordinatuta, eta zerbitzua kudeatzen duen enpresarekin batera, zerbitzuaren jarraitutasuna arriskuan jarri zuten bandalismo-indize altuak geldiarazteko plan bat jarri zuen abian. Plan horretako neurrien artean, besteak beste, ainguraketen segurtasuna indartu zen, mailegu-gune batzuk tokiz aldatu ziren, eta sentsibilizazio-kanpainak egin ziren. Horri esker, pixkanaka murriztuz joan dira bandalizazio-zifrak.

ERAGIN PEDALEI ETA EREIN

Joan den abenduaz geroztik, eta hiru hilabetez, abian da "Eragin pedalei eta erein" kanpaina, Iberdrolaren babesarekin. Kanpaina horrekin, Lurgaia Fundazioak zuhaitz bat landatuko du BilbaoBizin egiten diren bi mila bizikleta-maileguko. Bizikletak mailegatzeko zerbitzu publiko batek Estatuan egiten duen mota horretako lehenbiziko esperientzia da.

Ekimen horren bidez, garapen jasangarriari nabarmen laguntzen dioten bi jarduera bateratzea da helburua: batetik, atmosferan CO2 xurgatzea errazten duten zuhaitzen kopurua handitzea, eta, bestetik, bizikleta garraiobide osasungarri eta jasangarri gisa erabiltzea. Aurtengo BilbaoBiziren mailegatze-zifrak ikusita, 400 zuhaitz inguru landatzea aurreikusten da; zuhaitz horiek Urdaibaiko Biosfera Erreserbako baso-azalera handituko dute.