BARAKALDO. Astelehen honetan goizean, otsailak 9, legez kanpo okupatutako bi lonja hustu ditu Barakaldoko Udaltzaingoak, epai judiziala eskuan, lonjen jabeek okupazioa auzitegietan salatu ostean.

Agenteek lokaletan zeudenak kanporatu eta lokalak zigilatu dituzte; ondoren, udal lantaldeak sarbidea estaltzen aritu dira, ez ditzaten berriro okupatu. Epaiketan frogatuta geratu da hiru pertsonek okupatu dituztela lonjak, eta usurpazio delituagatik zigortu dituzte, isun ekonomiko batekin.

Epaileak emandako epai horren ondorioz, Udaltzaingoak beste bi lokal berreskuratu berri ditu, okupatzaileek aldi baterako utzi dituztela aprobetxatuta.

"Ezin dugu onartu abandonatutako lonjak legez kanpo okupatzea eta are gutxiago gizalegezkoak ez diren ekintzak edo delituzko ekintzak egiteko erabiltzea, azken hilabeteotan gertatu den bezala", ohartarazi du Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloko zinegotzi Ángel Madrazok.

Bestalde, Udaltzaingoak bi gizon atxilotu ditu gaur etxebizitza bat legez kanpo okupatzeagatik. Bi pertsona horiek eraikinaren barruan harrapatu dituzte sarraila aldatu ostean. Atxilotuei usurpazio delitua egotzi diete.

Berriro ere goraipatu du Madrazok herritarren laguntza, funtsezkoa izan baita atxiloketak egiteko eta Udaltzaingoak etxebizitza azkar hustu ahal izateko.

BESTE ATXILOKETA BATZUK

Era berean, Herri Segurtasuna eta Babes Zibila Arloko zinegotziak jakitera eman duenez, Udaltzaingoak 22 urteko emakume bat atxilotu du asteburuan, agintaritzaren agenteari eraso egitea egotzita.

Gertakariak igande goizaldeko ordu bata aldera izan ziren. Lekuko batek Udaltzaingoari jakinarazi zionez, emakume batek eraso egin zion aldamenean zihoakion gizon bati. Jarraian, patruila bat bertaratu zen, eta gizona lurrean etzanda aurkitu zuten, emakumea gainean kolpeka zuela.

Agenteek emakumea gizonarengandik banandu eta metro batzuk urrundu zuten zer gertatzen ari zen jakiteko. Hala ere, atxilotuak gizonari eraso egiten jarraitu zuen, eta bien artean behin baino gehiagotan jarri zen polizietako bat ere jo zuen. Horrenbestez, atxilotu egin zuten.

Azkenik, pandemiaren ondorioz Eusko Jaurlaritzak ezarritako murrizketak kontrolatzeko asteburuan garatu den Udaltzaingoaren dispositiboak 98 salaketa ekarri ditu guztira, udalerrien arteko mugikortasun-murrizketa eta musukoa derrigor erabili beharra ez betetzeagatik, eta baimendutako talde bakoitzeko 4 laguneko gehieneko kopurua gainditzeagatik.

Udalerrien arteko mugikortasun kontroletan ere gizon bat atxilotu zuten bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egotzita, eta beste bat inputatu zuten derrigorrezko baimenik gabe gidatzeagatik. Era berean, 53 salaketa jarri dira kontrolatzeko dispositiboaren barruan.