Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Azahara Domínguezek, Irungo Bidasoa institutuan, Gipuzkoako Foru Aldundiak GNSS hartzaile geodesiko berri bat jarri du uda honetan, aurrekoa zaharkituta zegoelako.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi bezala, berrikuntza hau bat dator Gipuzkoako GNSS sarearen hogei garren urteurrenarekin. Azahara Domínguezek azaldu duenez, Gipuzkoako azpiegitura geodesikoa 80ko hamarkadan sortu zen, "lurraldeari doitasun handiko erreferentzia topografikoak emateko".
Azpiegitura geodesiko horren zati bat GNSS sarea da, doitasunezko lan topografikoetarako GNSS sateliteen behaketen zuzenketak "doan eta denbora errealean" eskaintzen dituena. Sare hori lau estaziok osatzen dute (Elgeta, Pasaia, Igeldo eta Lazkao), eta 1997an Aldundiak Gipuzkoa plazan jarri zuen GPS estazioa ordezkatu zuen.
Diputatuak gogorarazi duenez, estazio hura "penintsularen iparraldean datu irekiak ematen lehena izan zen". Foru-jabetzako estazio horiez gain, sareak lurraldeko nahiz inguruko beste estazio publiko eta pribatu batzuetako datuak ere biltzen ditu.
Estazio horietako bat Bida estazioa da, Irungo Bidasoa Lanbide Sustapenerako Zentro Integratuan dagoena. 2009tik Foru Aldundiarekin lankidetzan dihardu, eta estazioa beti dago martxan eta eguneratuta, bai ikasleentzat, bai Gipuzkoako GNSS sareko erabiltzaileentzat.
Orain arte, Irungo zentroko hartzaileak GPS satelite estatubatuarren eta Glonass errusiarraren konstelazioen seinaleak kudeatzen zituen. Hala ere, Gipuzkoako sareko erabiltzaileek Galileo eta Beidu seinaleak ere kudeatu behar dituzte.
Egoera horrek zerbitzuaren murrizketa eragiten zuen, informazio osatugabea eskaintzen ari baitzen. Hartzaile berriak 9.260 euroko kostua izan du, eta horri esker, egoera hori konpondu ahal izan da, "lan topografikoak asko erraztuz, erabiltzaileek eskura dituzten sateliteen kopurua bikoizten baitu".
Ia 20.000 orduko landa-lana
Diputatuak azaldu duenez, segundoro, Irungo Bida estazioak ikusten dituen 30 satelite baino gehiagoren datuak Gipuzkoako GNSS sarean integratzen dira beste 15 estazioren datuekin.
Datu horiek guztiak prozesatu egiten dira, eta erabiltzaileek zuzenketak jasotzen dituzte, denbora errealean koordenatuak zehaztasun zentimetrikoz lortzeko. 2024an, Gipuzkoako GNSS sareko erabiltzaileek batez beste egunean 46 minutuko 103 lan-saio egin dituzte, hau da, ia 20.000 landa-lan ordu (zehazki, 19.763).
Azpiegitura geodesikoen garrantzia Azpiegitura geodesiko bat izatea funtsezkoa da Gipuzkoa bezalako lurraldeetarako, profesionalek topografiarako, udal-kartografiarako, ingeniaritzarako edo itsas mailako ikasketetarako, besteak beste, erreferentzia zehatz, egonkor eta homogeneoak izatea ahalbidetzen baitu.
Geodesiak edozein puntuk lurrazalean duen posizioa zehatz-mehatz ezagutzeko aukera ematen du, eta horrek kartografia ofizialerako, nabigazio-sistemetarako (GPS) eta geologia-azterketetarako eta arrisku naturaletarako berebiziko garrantzia du.
Gainera, azpiegitura handiek, hala nola errepideek, zubiek, tunelek edo trenbideek, koordenatu zehatzak izan behar dituzte horiek diseinatu eta gauzatzeko, bai eta taldeek erreferentzia-oinarri berarekin lan egiten dutela bermatzeko ere.
Esparru geodesiko bera erabiltzeak administrazio publikoek, pertsona teknikoek eta enpresek akatsak eta bikoiztasunak saihesteko aukera ematen du babes zibilaren, ingurumenaren, hirigintzaren edo katastroaren arloetan, Europako eta munduko estandarretan txertatutako datuekin.
Era berean, datu horiek garrantzi handiko gaiak neurtzeko aukera ematen digute, hala nola hondoratzeak, subsidentziak edo lur-irristatzeak, itsas mailaren aldaketak, kontinente-jitoa eta plaka tektonikoen deformazioa edo arrazoi natural edo antropogenikoengatik lurraren grabitatean gertatzen diren aldaketak.
"Badakigu oso garrantzitsua dela Gipuzkoak geodesia modernoko sare bat izatea, profesionalei datu eguneratuak eta zehatzak eskainiko dizkiena. Horregatik, azken bi hamarkadetan egin dugun bezala, hainbat erakunderekin elkarlanean jarraituko dugu, denbora errealean hainbat estaziotako datuak trukatzeko eta, horrela, kartografian, udal topografian, ingeniaritzan edo hondamendi naturalen azterketan, besteak beste, hain garrantzitsua den azpiegitura publiko hori hobetzen jarraitzeko", nabarmendu du Azahara Dominguez diputatuak.