Síguenos en redes sociales:

EHUko errektoreak Mugikortasun programetako ikasleak agurtu ditu

Ikasturte honetan 50 herrialdetako 1600 ikasletik gora aukeratu du Euskal Herriko Unibertsitatea

EHUko errektoreak Mugikortasun programetako ikasleak agurtu dituEHU

Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Joxerramon Bengoetxeak mugikortasun programen bidez aurten EHUn ikasi duten ikasleei agur esateko ekitaldiaren buru izan da. Ekitaldia Donostiako Carlos Santamaría Zentroan egin da, eta bertan izan dira baita ere Gotzone Barandika, Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordea; eta Noé Cornago, Nazioartekotze zuzendaria.

Argazki ofizialaren ostean, Noé Cornagok eskerrak eman dizkie bertaratutakoei beraien unibertsitate ikasketetan truke helmuga EHU aukeratzegatik, eta gure unibertsitatearen “nazioartekotze etxean” ekimenari egindako ekarpenagatik. Ekitaldian, EHUn bizitako esperientzia partekatu du mugikortasun programako nazioarteko ikasle talde batek: Esmeralda Martínez (Estatu Batuak), Kornelia Skorupinska (Polonia) eta Isela Cruz (Mexiko) eta nazioarteko ikasleei emandako laguntza eskertu zaio ESN ikasle elkarteari.

Joxerramon Bengoetxea errektoreak esker ona adierazi die ikasleei EHU aukeratu izana. “Pozgarria da ikustean zer nolako nazioarteko sare zabala duen Euskal Herriko Unibertsitateak, zuei guztioi esker” adierazi du errektoreak eta truke-programetan parte hartu duten ikasleei gogoratu dienez, “guretzat ohorea da Euskal Herriko Unibertsitatea aukeratu izana zuen ikasketak osatzeko eta ziur naiz gure artean izan zareten bitartean bizi izandakoak balioko dizutela aurrerantzean ere”. Eta, gehitu du, “dagoeneko Euskal Herriko Unibertsitatearen parte zarete; zuek ere osatzen duzue EHUren komunitatea eta aurrerantzean ere ondo etorriak izango zarete”.

Euskal jaki tradizionalak dastatzeko aukera ere izan dute nazioarteko ikasleek, baita , euskal dantzen erakustaldiaz gozatzekoa,, Donostiako “Koruko Ama Birjinaren Eskola” taldearen eskutik.

2024-2025 ikasturtean, 1.671 ikaslek egin dute, gutxienez, lauhileko bat EHUn: Erasmus (960), Espainiar estatuko erkidegotako ikasleentzako Sicue programa (229), Latinoamerika (425) eta beste norakoak (57). Ikasle gehien dituzten herrialdeak hauek izan dira: Erasmus+ programan, Italia (246), Alemania (228) eta Frantzia (86); Latinoamerikan, Mexiko (195), Txile (84) eta Argentina (57); eta Beste Norakoak programan, Estatu Batuak (19), Erresuma Batua (13), Japonia (9) eta Hego Korea (7).

Tandem linguistikoak

Aurten ere, mugikortasuneko ikasleen eta bertako ikasleen arteko hizkuntzen erabilera sustatzeko eta hobetzeko ‘tandem linguistikoak’ programari jarraipena eman zaio. 250 ikasle inguruk parte hartuko dute ekimen horretan 2025eko ekain bukaerarako.

Bestalde, truke ikasleei eskaintzen zaizkien hizkuntza ikastaroetan, lehen lauhilekoan, 98k egin dituzte euskara ikastaroetan eta 377k, gaztelania ikastaroak. 2024-2025 ikasturte osorako, kopuru horiek ia bikoiztea espero da.

Ekainean itzuliko dira euren herrialdeetara ikasturtean EHUn egin duten nazioarteko ikasleek.