Indarkeria politikoari buruzko Topaketen Topaketa Errestauratiboko nazioarteko sareak Justizia Errestauratiboaren zazpigarren Saria jaso du Tallinen (Estonia), Justizia Errestauratiboaren Nazioarteko Konferentziaren 12. edizioan zehar. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologiaren Euskal Institutuak bultzatu zuen aipatutako sarea 2019an, beste herrialde batzuetako unibertsitate eta erakundeekin batera. 

Gema Verona Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendariak nabarmendu duenez, “zoritxarrez dagoeneko gure artean ez daudenak ohoratzen ditu sari honek (hildakoen aulki hutsa, presentziaz betea) eta, aldi berean, datozen belaunaldientzat (seme-alabak, bilobak...) da. Nahiago genuke sari hau ez jaso (horrek esan nahi luke ez dutela inor erail eta ez duela inork erail), baina, gerraz betetako mundu honetan salbuespenik egin gabe, pertsona guztiak konprometitzen gaitu zeregin errealista batera: bakean emandako eta bakera zuzendutako pauso txikiak eta mugatuak imajinatzea eta horiek elkarrekin eraikitzea.” 

Euskadin, Nafarroan, Israelen, Palestinan, Ipar Irlandan, Ukrainan, Belgikan, Frantzian, Italian eta Alemanian zuzeneko edo zeharkako indarkeria politikoa jasan duten biktimak biltzen ditu Topaketen Topaketa Errestauratiboen nazioarteko sareak (EofEs), baita haren batzordean parte hartu duten pertsonak, topaketa errestauratiboetako parte-hartzaile guztiak, bideratzaileak eta kaltetutako komunitateko ordezkariak ere; bereziki, belaunaldi gazteak. Sarea duela bi urte elkartu zen lehen aldiz, Kriminologiaren Euskal Institutuan, eta iaz bosgarren aldiz elkartu zen, Euskal Herriko Unibertsitateko hiru campusetan —online egindako bilera baten eta Italian egindako bi bileraren ondoren—. Testuinguru ezberdinak izanik, bakea lortzeko pausoak ematean hainbat herrialdek elkarrekin ikastea da ideia nagusia, indarkeriaren ondarearen aurrean ikuspegi berreraikitzailea izanik, are indarkeriak jarraitzen duenean ere.