Asteazken honetan goizean, uztailaren 5ean, hasiko ditu Euskal Herriko Unibertsitateak Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren (USE) ezohiko deialdia. Guztira 1.307 ikaslek hartuko dute parte deialdi honetan, aurreko urtean baino 42 ikasle gehiago. Matrikulatutako ikasleen artean 1.225k Batxilergotik datoz, eta beste 82ak Lanbide Heziketako goi mailako heziketa zikloetatik.
USE hiru egunetan zehar egingo da, ostiralera arte, hilak 7, bost epaimahaitan (bat Arabako Campusean, bi Bizkaikoan, eta bi Gipuzkoakoan).
Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioak bi fase ditu: sarbidea eta onarpena. Sarbide faseak helburu hau du: ikasleek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak egiteko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak neurtzea. Honako bost azterketez osatuta dago: Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura (bihar 2023ko ezohiko USE irekiko duen azterketa); Espainiako historia; Lehenengo atzerriko hizkuntza; eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko derrigorrezko gaia. Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.
Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (% 60 Batxilergoari edo Heziketa Zikloari dagokio eta % 40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gutxienez 4 puntu lortu baditu.
Onarpen fasea borondatezkoa da. Ikasleak edozein irakasgai aukeratu ahal du Batxilergoko bigarren mailako enborreko aukerazko irakasgaien artean, gehienez, lau. Nota igotzeko ere balio ahal dute sarbide fasean egindako irakasgaietako batzuek.