Aste honetan hasi egin ditu Eibarko Udalak Txaltxazelaiko harmailen ingurua eraberritzeko lanak. Udalak espero zuen udaberrian hastea lanekin, baina bertan antolatutako jarduerak direla eta atzeratu behar izan dute data. Bertan ur-jolasak eta komun publikoak jarriko dira, besteak beste.

Obras Especiales Edificación e Infraestructuras SAU enpresa egiten ari da lanak, Bosark Arkitektoak enpresak aldez aurretik egindako proiektu batean oinarrituta. Udalak joan den otsailean esleitu zion jarduketa hori, 699.158,41 euroko aurrekontuarekin.

Esku-hartzearen azalera 576 metro koadrokoa da guztira, eta horietatik 136 ur-jolasguneari dagozkio. Proiektuan harmailen zati bat hobetuko da, jarlekuetan egurrezko moduluak jarriz; era berean, sarbideko eskailerak hobetuko dira, kioskoa eta harmailak txukunduko dira eta ondoko egonlekua birzolatu egingo da.

Gainera, eta erdigunean komun publikoak jartzeko eskaerari erantzunez, komun publikoak egingo dira kioskoaren egituraren azpian, eta Eibarko Txikitotik sartuko da haietara.

Jolasei dagokienez, kioskoaren eta harmailen artean dagoen tokian jarriko dira jasangarritasun-irizpideei jarraituz; proiektuak ura kontrolatzeko sistema bat dauka, erabilitako ura tratatzeko, arazteko eta berrerabiltzeko zirkuitu batekin.

Obrak amaitu eta ur-jolasak martxan jarri ondoren, udako hilabeteetan erabili ahal izango dira. Gero, elementuak kendu egingo dira, urte osoan zehar espazioa libre geratu eta leku horretan egiten diren ohiko jardueretarako erabili ahal izateko.

Lanen hasiera dela-eta, Jon Iraola Eibarko alkateak zera adierazi du: “Txaltxazelaiko ingurunea eibartarrek asko erabiltzen duten toki bat da, batez ere, aisialdirako. Beraz, jarduera honen bidez, herritarren erabilera hobetu egingo da, tokia erosoago eginez eta azpiegitura berriak eskainiz”.

Ur-jolasak jartzeko proiektua Eibarko PSE-EE eta EAJ-PNV taldeen artean lortutako aurrekontu-akordioaren emaitza da.