Laudioko Udalak 280.584,45 euroko aurrekontua bideratuko du herrian datozen zortzi hilabeteetan asfaltatze-lanen kanpaina berrian. Aste honetan El Manzanal auzoan hasi dira lanak, eta Leziagabide kaletik jarraitu dute, 7. zenbakira arte, hain zuzen ere. Halaber, Goienuri kaleko lineako aparkalekuan ere esku hartu da, Ellakuri kaleko 1 eta 23 zenbakien artean.
Datozen egunetan taldeek Goikoetxe inguruan jarraituko dute, 1, 3 eta 5 zenbakietan, eta Zumalakarregi kaletik, 14-16 zenbakien parean, hau da, Tierra de Ayala kalearen izkinatik Jose Arrue margolariaren kalearen elkarguneraino arituko dira. Santa Kruz ermitarako igoera ere berritu egingo da, baita 1 eta 3 zenbakietarako sarrera ere. Santa Anako bidearen zorua ere ordeztuko da Iturralde kaleko 4. zenbakitik dagoen sarreratik Aretako pilotalekuko aparkalekuraino. Errotari kalean, blandoiak eta zorua konponduko dira, Goikoetxeko zubitik Errotari industrialdeko 3. etxadiraino.
2022ko asfaltatze kanpainak Oketa eta Motxotekale kaleetan jarraituko du. Lehenengo kasuan, kale-tartea 8. zenbakitik Latiorrondo kaleraino egokituko da. Motxotekaleko esku-hartzea aparkalekuaren goiko aldetik 17. zenbakiraino egingo da.
“Deskribatutako bide tarteetako zoruaren egungo egoera dela eta, beharrezkoa da berritzea, errodadura-geruzaren akatsak kentzeko, zoladuraren hondoratze puntualak konpontzeko eta, horrela, ibilgailuen zirkulaziorako zoru segurua bermatzeko”, zehaztu du Joseba Amondo Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.
Era berean, eta hobetzeko azpieremu gisa, lanen esleipena jaso duen LAUDIO 2022 ABEEak, Elorza Maisuaren kaleko oinezkoen pasabidean galtzada-harrizko patroiarekin inprimatutako asfaltoa jarriko du, une honetan bertan dagoen galtzada-harriaren ordez, Goienuri Bideko zuloak estaliko ditu Andetxaga baserrirako igoeran, eta Latiorroko ikastetxe publikoaren parean dagoen oinezkoen-pasabidean abiadura murrizteko badena handituko du.