Síguenos en redes sociales:

Hutsik dauden merkataritza lokalak dinamizatu nahi ditu Laudiok

Udalerrian hutsik dauden merkataritzarako lokalak dinamizatzea izango da Laudioko Udalaren hurrengo erronka. Horretarako, lokal horien okupazioa sustatzeko laguntza deialdi bat jarri berri du martxan.

Laguntza horien helburua hutsik dauden lokalen alokairuaren kostuaren % 50 edo erosketaren % 4 diruz laguntzea da, merkataritza-, ostalaritza- edo zerbitzu-sektoreko negozioekin okupatzeko. Laguntza horien bitartez Udalak duen helburua da, alde batetik, hutsik dauden lokalei balioa ematea eta merkataritza-giroaren erakarpena indartzea, eta, bestetik, enpresen lehiakortasuna indartzea, merkataritzako eta hirugarren sektoreko balio egitura egoteari lehentasuna emanez, udalerrian erosketa-esperientziaz ahalik eta gehien gozatzeko.

“Laguntza-ildo horren bidez, herrian merkataritza- edo enpresa-jarduera bat hasi nahi duten ekintzaile guztiei lagundu nahi diegu. Era berean, udalerriko merkataritza-guneak berreskuratzea eta indartzea bultzatuko da. Hori egiteko modurik onena berrikuntzan eta kalitatean oinarritutako ekimen ekintzaileak erakartzea dela uste dugu, tokiko ekonomiari balio erantsia emanez”, adierazi du Ander Añibarro alkateak.

Diru-laguntza horietara 10.000 euro bideratuko dira guztira. Nolanahi ere, kreditua agortutakoan erantzunik jaso ez duen eskaerarik badago, Udalak programa horretara bideratutako zenbatekoa handitu ahal izango du, beste deialdi bat egin beharrik gabe.

Eskaerak

Eskaera egiteko, beharrezkoa izango da erosketa- edo errentamendu-kontratua sinatuta izatea (2022ko urtarrilaren 1etik atzeraeraginezko izaerarekin lagunduko da diruz lokal baten errentamendua edo erosketa) eta jarduera ekonomikoa gauzatuko den lokalean EJZn eta Gizarte Segurantzan alta emanda egotea.

Laudioko Udalaren Erregistro Orokorrean (HAZ-SAC) edo egoitza elektronikoan modu telematikoan aurkeztu beharko dira eskaerak. Edozein kontsulta 944 03 49 80 telefono-zenbakira deituz edo comercio@laudio.eus helbidera mezu elektronikoa bidaliz argituko da, gaian hau adieraziz: Hutsik dauden lokalak okupatzeko diru-laguntza. Epea urriaren 31n amaituko da. Hala nahi dutenek deialdiaren oinarriak eskuragarri dituzte udalaren webgunean.