Gasteizko Udalak iragarri duenez, Magialdia irailaren 12tik 18ra izango da hirian, eta 34. edizioa izango da. Iragarpen honetarako egindako prentsaurrekoan gogorarazi dutenez, Gasteizko Magia Jaialdia Arabako Ilusionisten Elkarteak antolatu du. Hain zuzen ere, aurkezpenean parte hartu dute Estibaliz Canto Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotziak, Jesús María García de Cos Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak eta José Ángel Suárez Magialdiko zuzendariak.

“Udaleko Hezkuntza eta Kultura Sailetik Magialdia babesten dugu urtero bezala, Gasteizko gizartean egiten duen ekarpena izugarri baloratzen dugulako. Magia inoiz baino beharrezkoagoa da gaur, beraz, ikusminez espero dugu aurtengo Jaialdia”, nabarmendu du Cantok.

Jose Angel Suarezek, bestalde, programaren nobedadeak aurkeztu ditu. Bertan, nazioko eta nazioarteko ilusionistek parte hartuko dute.

Jaialdiaren zuzendariak jakinarazi duenez: “bi urtez gabe egon ondoren, Magialdira itzuliko dira Ameriketako ‘Penn & Teller Fool Us’ telebista-saioetarako entzunaldiak; Gasteizen soilik izango dira Europa osorako entzunaldi horiek”.

Ohiko gala eta gaualdiez gain, Suarezek ‘Dentro de lo invisible’ (ikusezinaren barruan) proposamena nabarmendu du, irailaren 12tik 14ra Santa Maria Katedraleko elizpean egingo den magia ikuskizun paregabea.

“Gasteiztar guztiak gonbidatu nahi ditut Magialdia 2022k proposatutako hitzordu interesgarrietara joan daitezen. Irailaren 12tik 18ra bitartean izango da, Gasteizen”, adierazi du zinegotziak.

Aurreko edizioetan bezala, Estatu osotik eta beste herrialde batzuetatik etorritako 200 mago, profesional eta afizionatu baino gehiago etorriko dira Magialdiak irailaren 16tik 18ra Europa Biltzar Jauregian eskainiko duen programa profesionalean parte hartzera.

Magialdiaren aurretik Magialdiaraba jaialdia ospatuko da, probintzia osoan zehar magia ikuskizunak eskainiko dituena.