700 arbola landatuta Zuhaitz Egunean Eibarren

15.04.2022 | 18:40

Eibarko Udalak jakinarazi duenez, aurtengo Zuhaitz Eguneko jardunaldietan 700 zuhaitz landatu dira herrian, hasieran aurreikusitakoak baino 200 gehiago. Zehazki, herritarrei irekitako ospakizun honetan ehun bat pertsonak parte hartu dute, eta ikastetxeei zuzendutako bi jardunaldiei 140 ikasle baino gehiago gehitu zitzaizkien.

Herritar guztiei zuzendutako jardunaldian, martxoaren 20an, 350 arbola landatu ziren; martxoaren 24an, ikasleek 155 arbola landatu zituzten, eta 195 apirilaren 7an. Landatu ziren espezieak hauek izan ziren: haritzak, urkiak, arteak, gorostiak, majueloak, endrinoak, hurritzak, gereziondoak, astigarrak, basa-sagarrondoak eta udareondoak.

Partaidetzari dagokionez, martxoaren 20an, hasieran asistentzia 60 pertsonara mugatuta zegoen, 130ek eman zuten izena, eta, azkenean, ehun bat eibartarrek parte hartu zuten. Gainera, antolaketa Gurutze Gorriarekin jarri zen harremanetan atzerritarren parte-hartzea errazteko eta 7 lagunek hartu zuten parte.

Ikastxeei dagokienez, lehen jardunaldia martxoaren 24an izan zen; egun horretan Mogel Isasi BHI, Urkizu, Amaña eta Arrateko Andra Mari ikastetxeetako 71 ikaslek hartu zuten parte. Apirilaren 7an, bigarren jardunaldian, Armeria Eskola, La Salle Azitain eta Eibar BHI Jardiñetako 72 ikaslek hartu zuten parte. Hala, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. kurtsoetako ikasleek, Bigarren Hezkuntzakoek, Batxilergokoek eta Lanbide Heziketakoek parte hartu zuten.

Zuhaitz guztiak Lindari izeneko lursailean, Urko mendiaren magalean, landatu ziren, Udalak zaintza-akordio baten bidez duen hektarea bateko partzelan. Toki horretan lehenago ere egin dituzte landaketak baso autoktonoa berreskuratzeko.

Ikastetxeentzako jardunaldietan hamaiketako bat banatu zen, fruta ekologikoa, hain zuzen; eta jardunaldi irekiaren kasuan ogitartekoak banatu ziren, Sosolako ogi eta gaztarekin.

Bestalde, parte hartu zuten ikastetxeetako irakasleei aldez aurretik bertako basoen garrantziari buruzko formazioa eman zitzaien, lursailari buruzko informazioa eta zuhaitzak landatzeko moduari buruzko argibide batzuk. Horretarako, lau gorosti landatu ziren Azitaingo industrialdean, Debegesa ondoko parkean. Hain zuzen, gorostiek ematen diote izena Gorosta bailarari, eta duela gutxi mugarri bat jarri zen bertan, horixe adieraziz.

Aurtengo Zuhaitz Eguna Udaleko Ingurumen Sailak antolatu du, Klub Deportiboko Mendi Taldearekin, Eibarko Baso Biziak elkartearekin eta Lurgaia Fundazioarekin batera. Horren harira, Jon Iraola alkateak, Zuhaitz Egunaren balantzea egitean, eskerrak eman dizkie entitate kolaboratzaileei, izan ere, haiei esker "aurtengo Zuhaitz Egunak erabateko arrakasta izan du".

Jon Iraolaren hitzetan, "horrelako ekimenek agerian uzten dute, beste behin ere, Udalaren inplikazioa ingurumenari buruzko kontzientziazio-lanean; beraz, gure hiriko basoen berreskurapena bultzatzeko Eibarren egiten diren ekimen guztiak antolatzen eta babesten jarraituko dugu, modu aktiboan eta dinamikoan ingurumen-kontzientzia sortuz".

noticias de deia