Errepidera aterako da Korrika 2022ko udaberrian

22. edizio honek Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko ditu 34 urteko ibilbidean euskararekiko adierazi duten konpromisoagatik

17.11.2021 | 14:07
AEK eta Korrikaren arduradunak 22. edizioaren aurkezpenean, gaur goizean Donostian.

Korrikaren 22. edizioak Euskal Herri osoa zeharkatuko du datorren urteko udaberrian. AEK-k antolatuta, 2022ko martxoaren 31ean Amurriotik abiatuko da eta Donostiara iritsiko da apirilaren 10ean. Hitzekin lelopean ospatuko da, izan ere, AEKren esanetan, "euskara hitzetik ekintzetara eramateko unea" baita. Horrez gain, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko ditu Korrikak, beraien 34 urteko ibilbidean adierazi duten "konpromisoagatik eta ekinagatik".

AEK eta Korrikaren arduradunek aurkeztu dute 22. edizioa gaur goizean Donostiako San Telmo Museoan egin duten agerraldian. Euskararen aldeko lasterketa erraldoiak hamaika egun izango ditu, eta 2.500 kilometro inguru burutu ostean, Gipuzkoako hiriburuan jakingo da Korrikaren sekreturik handienetakoa: lekukoaren barruan milaka kilometro egin dituen mezua.

Alizia Iribarren AEKren koordinatzaile nagusiak azaldu du Korrikak jaiotzetik izan dituen bi helburuek oso bizirik dirautela gaur egun ere. Alde batetik, euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta bestetik, euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea dira ekimen honen xedeak. "Jakitun gara pandemiak ia errotik ezabatu duela euskara plazatik zein askoren bizitzatik. Horregatik, oso garrantzitsua deritzogu Korrikak ekarri ohi duen euskararen aldeko uholdea berreskuratzea kalean, sareetan, ikastetxeetan, diasporan eta abarretan", nabarmendu du Iribarrenek.

Administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik "ez direla nahikoak" azpimarratu du AEKren koordinatzaile nagusiak. "EAEn urrats handia egiten ari da irakasleen lan baldintzak normalizatzeko, baina oraindik badago zer hobetu; ikasteko doakotasunarekin, adibidez. Ipar Euskal Herrian ere laguntzak handitu egin dira, baina ez helduen euskalduntzeak behar lukeen neurrian. Eta Nafarroan, Gobernuak urrats sendoagoa egin berri du azken urteotan pauso txiki batzuk eman ostean. Beraz, itxaropena dugu datozen urteetan hobekuntza horiek areagotu eta sendotu egingo direla hiru lurraldeetan; izan ere, e zinbestekoa deritzogu helduen euskalduntzea bizkortu eta inbertsoak areagotzea Euskal Herri osoan", azpimarratu du. Hori dela eta, 22. Korrikak jasoko duen dirua bere euskaltegiei laguntzeko baliatuko du AEK-k.
noticias de deia