Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin dute aurrera eraman ahal izateko Donostiako GI-20 saihesbidean Marrutxipiko lotunea egiteko obren proiektua.

Gipuzkoako Foru Aldundiak uztailaren 20an onartu zuen Marrutxipiko lotune berriaren proiektu berrikusia. Proiektu horretan, udal esparruari dagozkion esku-hartze batzuk sartu ziren, hala nola, bide sarea eta oinezkoen sarea egokitzea, drainatzeak eta, lan horiek zirela-eta, beharrezkotzat jotzen ziren bestelako zerbitzuak.

Ekialdeko eta mendebaldeko sarrera- eta irteera-mugimendu guztiak hartzen dituen lotura oso bat da proiektuak aurreikusten dena, Etzietako eta Castelaoko parkeei eragiten ez diena, eta tokiko bideekiko (Fernando Sasiain kalea eta Mons pasealekua) lotura zuzena sortzen duena.

Horrela, helburu hauek betetzen dira:

  • Lurraldeko bide sarea hobetzea, hiria GI-20rekin lotuz.
  • Intxaurrondo, Egia eta Gros auzoetarako sarbide zuzena sortzea, hiriko bide sarea eta mugikortasuna hobetzeko.

Obren kontrata bidezko exekuzio aurrekontua 12.663.389 eurokoa da eta obrak egiteko epea 24 hilabetekoa.

Bi erakundeen interesak bat datozenez, proiektuko obrak finantzatzen eta gauzatzen lagundu nahi dute. Horregatik, hitzarmena sinatuko da, eta honetan adiertazten da Udalak 3.544.050 euroko ekarpena egingo duela eta Foru Aldundiak 9.119.339 eurokoa.

BASQUE CULINARY CENTER

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Okendo-Alden 25.790,86 m²-ko udal-jabetzako finka baten 5.500 m²-ko lursailaren emakida demaniala izapidetzeko espedientea irekitzea. Emakida horretan, Basque Culinary Center Fundazioak irakaskuntzarako, ikerketarako eta ekintzailetzarako eraikin bat egingo du.

Basque Culinary Center-ek GOe (Gastronomy Open Ecosystem) proiektua sustatu nahi du. Proiektua talentua, ikaslea eta ekintzailea, trebatzeko zentro batean datza, gastronomiaren balio-kate osorako irtenbideetan lan egiten duten talentuen sormena, berrikuntza eta garapena sustatuko dituen gunea.

MARIAREN BIHOTZA

Tokiko Gobernu Batzordeak behin betikoz onartu du Mariaren Bihotza lurzatiari dagokion hirigintza esparruko Hiri Antolamenduko Plan Berezia. Planaren helburu nagusia da egungo ekipamendu pribatuaren erabilera hirugarren sektoreko erabilerara aldatzea.