Euskal Herriko Unibertsitatea

UPV/EHUren Arboretumeko bildumak 7 tonako arroka bolkaniko bat izango du

31.07.2021 | 19:09
Aitziber Oliban, Erandioko alkatea, eta Gorka Moreno, Bizkaiko Campuseko errektoreordea, Arboretumeko pasealeku geologikoko arroka berriaren ondoan.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Arboretumeko pasealeku geologikoak, Leioa-Erandio eremuan dagoenak, bere bilduma handitu du beste pieza batekin: ia 7 tonako arroka bolkaniko bat, Astrabuduko obra batzuetan agertu dena eta Erandioko Udalak dohaintzan eman duena.

Arboretuma espazio berezia da, herritar guztiei irekitako eremu natural pedagogikoa eta aisialdikoa, eta bertan, interes zientifiko nahiz natural handiko hainbat eremu nabarmentzen dira. Horien artean, azpimarratzekoak dira bost kontinenteetako zuhaitzen eta zuhaixken bilduma; heliosziametroa, denbora Lurrak Eguzkiarekiko duen posizioaren arabera neurtzen duena; Bizitzaren Basoa, gorputza zientziari eman dioten pertsonen omenez; edo anfiteatro bat, espazio paregabea ekitaldi akademikoak eta kulturalak egiteko.

Eta eremu horien artean, Bizkaiko pasealeku geologikoa ere nabarmentzen da, ondare geologikoa kontserbatu eta gure inguruneko historia geologikoa modu didaktikoan aztertzen duelako.

Duela gutxi, Astrabuduan egindako obra batzuetan agertu zen arroka bolkaniko bat dohaintzan eman dio Erandioko Udalak UPV/EHUren Bizkaiko Campusari. Izan ere, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Graduko ikasleak urtero joaten dira udalerri horretara, Axpe mendiko arroka bolkanikoak ikustera. Zehazki, Erandioko Udalak emandako arroka bolkanikoak mota guztietako material bolkaniko klastikoak (labaren mugimenduarengatik edo gasen metaketak eragindako leherketa txikiengatik sortutako bretxak) eta ez bolkanikoak (estrusio bolkanikoa gertatu zen lekutik gertu zeuden arroken zatiak) biltzen ditu.

"Erandio berezia da geologiaren ikuspuntutik ere. Bizkaian ez da oso ohikoa arroka mota hori aurkitzea, baina Erandion bai. Eta Astrabuduko langile auzoaren bihotzean agertu behar zuen honek", adierazi du Aitziber Oliban Erandioko alkateak. Olibanek azpimarratzen duenez, "Axpe menditik datorren arroka oso bitxia da Euskadiko arroka bolkanikoen barruan, eta hura jartzeko lekurik onena UPV/EHUren Arboretuma da".

Horrela, Unibertsitateak bere bilduma handituko du, Iberiar Penintsula mugitzeko eta Bizkaiko Golkoa eratzen joateko gai izan ziren mugimendu tektoniko handien isla den arroka bat jarrita. Izan ere, duela 100 urte Bizkaia oso desberdina zen, gaur egun ikusten dugunarekin alderatuta, eta pasealeku geologikoaren hasieran jarritako arroka honek denboran bidaiatzen laguntzen du, azken 215 milioi urteetan gure ingurunea nola aldatu den jakiteko; horretarako, hainbat arroka mota daude bilduman, hala nola duela 215 milioi urte baino gehiago gatzezko lakuak lurrunduta sortu ziren igeltsuak, Urduñatik datozenak, edo labe garaietako zepa metakinak, XX. mendearen amaieran Getxon sortutakoak.

Horrela bada, orain dohaintzan jaso den arrokak osatu egingo du 1988an eratzen hasi zen pasealeku geologikoa, dagoeneko hogei bat pieza biltzen dituena, eta Arboretuma ikustera etortzeko beste arrazoi bat izango da. "Espazio hau topaleku bihurtzea nahi dugu, bai unibertsitateko kideentzat, bai herritar guztientzat, eta horretarako, hainbat jarduera eta ekitaldi bultzatuko ditugu, espazio benetan erakargarri eta berdingabe honen balioa azpimarratzeko", esan du Gorka Moreno Bizkaiko Campusaren errektoreordeak.

noticias de deia