Ipar Euskal Herriko txertaketa guneetan ez dituzte gehiago hego euskal herritarrak onartzen. Hegoaldean ez bezala, Bidasoa ibaiaren iparraldean txertoa hartu nahi dutenek txanda eskatu behar dute Doctolib aplikazioaren bitartez. Badira zenbait aste gipuzkoar, bizkaitar, nafar eta arabar batzuek txandak hartzen zituztela eta txertoaren lehen dosia izatea lortu dutela. "Aspaldi konturatu ginen hegoaldekoak zetozela", dio Guillaume Barucq Miarritzeko gunean txertoa jartzen aritu den medikuak. "Ez ziren denak muga aldekoak, batzuk Bilbotik etorri izan direlako. Madrildik ere bai!". Ehunka hitz orduen artean, egunero horrelako lauzpabost kasu baizik ez zeudela zehaztu du medikuak. Dena den egoera aldatu zen prentsan eta sare sozialetan horren berri hedatzen hasi zirelarik, orduan gero eta hegoaldeko gazte gehiagok txandak eskatzen hasi ziren eta. Autobusak antolatu izan dituzte ere Angelu, Miarritze eta Baionako erietxera joateko. "Mugaren alde batean edo bestean hoberena edo merkeagoa hartzeko ohitura egon da beti, eta txertoarekin gauza bera gertatzea guztiz logikoa da, saiatzea behintzat", dio Sarako erizain batek.

Eric Spitz, Frantziako gobernuak Euskal Herrian duen ordezkariak agiria plazaratu du aste honetan gogoratzeko txertoa bakarrik har dezaketela Frantziako estatuan bizi, lan egin edo bertako gizarte segurantza dutenek. Arauak zorroztu baino, Spitzek legedia zein den gogoratu nahi izan du eta hori aplika dezaten eskatu die udalen esku dauden txertaketa guneetan lan egiten duten profesionalei. Atzerritarrak txertatzen ahal dituzte bakarrik frogatzen badute hiru hilabetez Frantziako estatuan bizi izan direla. "Frantziako estatuan helbiderik, lan kontraturik edo Vitale bertako osasun txartela ez dutenei ezin zaie txertorik eman", argitu du Spitzek.

Hasieratik indarrean zeuden arauak zorrotz betetzen dituztenez, hitzordua izan arren, joan den astelehenetik hamarnaka hego euskal herritar etxera itzuli behar izan dira Pfizer edo Moderna hartzeko aukerarik izan gabe. Peio, bere emaztea eta bien semeak asteasuarrak dira eta aste honetan Miarritzeko txertaketa gunera joan dira. "Badakigu arauak zorrotz errespetatzen dituztela orain baina, halere, etorri gara udako etxea dugulako Ipar Euskal Herrian. Zergak bertan ordaintzen ditugunez, ziurtagiria erakutsi diegu eta horri esker onartu dute 13 eta 15 urteko semeei txertoa jartzea", argitu du gipuzkoarrak. "Emaztea eta biei Gipuzkoan eman ziguten txertoa baina guk semeek har dezaten nahi genuen oporretan lasaiago ibili ahal izateko".

Kezka

Leire 17 urteko gasteiztarra da eta baldintzak betetzen ez dituenez txertorik gabe itzuli da Arabara. "Hitzordua geneukan Miarri-tzen, zergatik ez digute deitu abisa-tzeko azkenean ezinezkoa izango zela? Egun osoa galdu dugu, egoera honek gastua eta disgustua sortu dizkigu". Bere aitak ulertzen du legedia zein den baina hitzordua zeukatenez deitoratzen du hartutako konpromisoa bete ez izana. Naroa bergararra 22 urteko semearekin joan da Lapurdira aste honetan. "Osakidetzak ez die inolako aterabiderik eskaintzen Erasmusekin ikasi nahi dutenei. Pena da hau hedabideetan molde baldarrean agertu izana, hemen gaudenak ez garelako festazaleak edo bidaia-tzeko etorri. Hau aterabide bakarra zen guretzat, eta orain gure seme alabak aukerarik gabe gelditu dira", bota du, goibel eta haserre.

"Bertara etorri diren gazteak ez dira bakarrik udan lasai ibili eta bidaiatu nahi dutenak. Ameriketako Estatu Batuetan, eta, oro har, nazioartean ikasi nahi dutenak daude ere", argitu du Baionako erietxeko eraizain batek. Izan ere, datozen asteetan txertoa jartzen ez badiete hegoaldean, irailean batzuek ezin izanen dute ikasturtea hasi txertorik gabe ezinezkoa baita herrialde batzuetan sartzea. Beste toki batzuetan hamalau eguneko itxialdiak egin behar dira horrek dakarren gastu eta denbora galtzearekin.

Bigarren dosia

Aurrerantzean arauak zorrotz beteko dituzte baina lehen dosia jaso duten hegoaldeko hamarnaka lagunei bigarrena emango dietela ziurtatu du Maider Arosteguy Miarritzeko alkateak. Arratsero galtzen diren dosiak norbaiti ematen saiatzen dira Covidlist aplikazioaren bidez baina kasu honetan ere hegoaldekoek ezin izan dituztela hartu zehaztu du Adrien Boudousse Miarritzeko lehen alkateordeak. "Egoera nahasia izan da baina gobernuaren ordezkariak aginduak eman dizkigu udalek kudeatzen ditugun guneei. Irizpide horiek bete behar ditugu ez baitugu guk antolatzen txertatze kanpaina", dio Boudoussek. Egunotan hamarnaka hitzordu bertan behera utzi behar izan dituzte jadanik lanpetuak diren txertatze guneetan. Urduritasuna nabari zaie eraizain batzuei ez baitute batere begi onez ikusten espainiar batzuen jarrera. "Legedia errespetatuz, azkenean ezin izan diegu txertorik eman, eta, haserre zeudenez, batzuek argazkiak atera dizkigute mehatxu eta irainen artean. Honek ez dauka izenik", bota du Lapurdiko erizain batek.

Ipar Euskal Herrian hamabi urte baino gehiagoko herritarren %58k lehen ziztada jaso du jadanik eta %34,8k bigarrena ere bai.

"Frantzian helbiderik, lan kontraturik edo Vitale txartela ez dutenei ezin zaie txertorik eman"

Frantziako gobernuaren ordezkaria

"Hitzordua geneukan, zergatik ez digute deitu abisatzeko azkenean ezinezkoa izango zela?"

17 urteko gasteiztarra