Koronabirusaren pandemiak eragindako egoerak kalte ekonomiko handiak ekarri dizkio turismoaren sektoreari. Hori dela eta, Donostiako Udalak tokiko turismoa dinamizatzeko hainbat kanpaina jarriko ditu martxan uda honetan. Hiru izango dira konkretuki kaleratuko diren kanpainak: 'Uda honetan Donostian geratuko naiz', 'Bizi Donostia: berriro bidaiatuko dugu' eta Biarritzekin batera aurkeztuko den beste kanpaina bat.

Kanpainak, batez ere, gertuko, Estatuko eta Frantziako bisitariei egongo dira zuzenduta, eta donostiarrei nahiz bisitariei hirian eta lurraldean esperientziak bizitzera gonbidatuko zaie, bertako enpresa bazkideekin (tokiko ETEak dira denak) elkarlanean.

Boulevardeko turismo-bulegoak ordutegi zabala eta jarraitua izango du, eta arreta pertsonalizatua eskainiko da posta elektronikoz, telefonoz, WhatsAppez eta lineako txataren bidez, sansebastianturismoa.eus webgunetik eta Donostia Turismoaren Facebook-eko profiletik.

TOKIKO ESPERIENTZIEN ESKAINTZA ETA SUSTAPEN-KANPAINAK

Donostia Turismoa prest dago udari ekiteko, eta bisitariei kalitatezko esperientzia bat eskaintzea du helburu, hiriaren posizionamenduarekin bat etorrita. Horretarako, Turismo Bulegoan bisitariei arreta eskaintzeko ordutegia zabalduko dua eta online tresnen bidez ere eskainiko da arreta. Jarduera, produktu eta zerbitzuen eskaintza zabala prestatu da, bai Donostian, bai lurraldean, erakundearen bazkide diren tokiko enpresek eskainita. Turismogunea eta bertako esperientziak sustatuko dira zenbait kanpainaren bidez.

DONOSTIAKO TURISMO BULEGOA (BOULEVARD)

Udarako, bisitariei ahalik eta zerbitzu onena eskaintzeko, zabaldu egin dugu Donostiako Turismo Bulegoaren ordutegia. Boulevard zumardiko 8.ean dago. Horrez gain, modu pertsonalizatuan erantzungo zaie kontsultei posta elektroniko, telefono, Whatsapp eta lineako txataren bidez.