Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeles Hizkuntzan eta Hizkuntzalaritzan katedraduna den María del Pilar García Mayo izendatu egin dute Estatuko Ikerketa Agentziaren zuzendaritza kontseiluko kide. Kargu horrez gain, García Mayo Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeles eta Aleman Filologiako eta Itzulpengintza eta Interpretazioko saileko zuzendaria da.

Estatuko Ikerketa Agentzia I+G+B jarduerak funts publikoekin finantzatzeko tresna bat da. Helburu du jakintza arlo guztietako ikerketa zientifikoa eta teknikoa sustatzea, baliabide publikoak efizientziaz esleitzearen bidez; I+G+B sistemako eragileen arteko elkarlana bultzatzearen bidez; inpaktu zientifiko, tekniko, ekonomiko eta sozial handiko ezagutzak sortzeari babesa ematearen bidez (horien barruan sartzen dira gizartearen erronkei bideratutakoak); eta finantzatutako jardueren jarraipena egitearen bidez.

García Mayo Aleman Filologian lizentziatu zen Santiago de Compostelako Unibertsitatean, master bat du TESOL eta Hizkuntzalaritzan eta doktorea da Hizkuntzalaritzan (Iowako Unibertsitatea). 1998 eta 2013 artean, UPV/EHUko doktorego programen arduraduna izan zen, eta Language Acquisition in Multilingual Settings masterraren arduraduna da, 2009an hasi zenez geroztik. Gainera, Language and Speech (www.laslab.org) bikaintasuneko ikertalde finkatua zuzentzen du. Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa du taldeak, eta honako hau ikertzen du: ingelesa bigarren edo hirugarren hizkuntza gisa eskuratzea ikaskuntza testuinguru formaletan, hainbat ikuspegi teorikotatik.

García Mayo Hizkuntzalaritza Aplikatuko Espainiako Elkarteko zuzendaritza taldean egon zen, eta Hizkuntzalaritza Aplikatuko Nazioarteko Elkarteko zuzendaritza taldeko kidea izan zen. Gainera, proiektu kudeatzailea izan zen Estatuko Ikerketa Agentzian 2016tik 2019ra, eta Shanghai Center for Research in English Language Education zentroko ohorezko kidea da.

María del Pilar García Mayo eskubide osoko kidea izango da Estatuko Ikerketa Agentziaren zuzendaritza kontseiluak datorren ekainaren 30ean egingo duen bileran.