Musukoa ez da gehiago derrigorrezkoa kanpoan Ipar Euskal Herrian

12 urte baino gehiagoko herritarren %55k jaso du txertoaren lehen dosia

18.06.2021 | 01:00
Hendaiako hondartzako pasealekua jendez beteta, atzo, musukorik gabe. Argazkia: Gorka Estrada

Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoko herritarrak pozik daude atzotik ez baita gehiago derrigorrezkoa musukoa kanpoan eramatea. Askoren irria ikus liteke berriz baina, halere, herritar batzuek ezin dute burutik kendu zer gertatuko den datozen asteetan. Joan den urteko udaberritik maskara janztea beharrezkoa zen hirietako erdiguneetan bereziki eta orain bakarrik jarri beharko da leku jendetsuenetan, adibidez, azokak, manifestaldiak edo kirol zelaietan. Ikastegietako kanpoaldean ere ez da gehiago beharrezkoa. Gaueko hamaikak eta goizaldeko seiak arte indarrean dagoen etxeratze agindua bertan behera geldituko da ere igandean.

Osasun egoera asko hobetu denez, Frantziako gobernuak legedia aldatzea erabaki zuen asteazkenean, datorren igandeko eskualdeetako hauteskundeen bezperan. Maritxu Blanzaco, osasun arloak Pirinio Atlantikoetako departamenduan duen zuzendariak adierazi duenez Ipar Euskal Herrian bi agerraldi besterik ez daude eta adineko inork ez du gai-tza jasaten. Gainera, bi paziente baizik ez dituzte artatzen susper-tze zerbitzuetan. Positibotasun tasa %1,3koa da eta inzidentzia metatua 56koa ehun mila biztanleko. "Kontuz ibili behar dugu, halere, inzidentzia bikoitza baita nerabeen artean eta 137koa hogei eta hogeita hamar urte dutenen artean", zehaztu du Blanzacok.

Agintariek begi onez ikusten dute txertaketa kanpainak aintzina segitzen duela. Herritarren %55k txertoaren lehen dosia jaso du dagoeneko eta heren batek bigarrena ere. "Herritarrek berek txanda eskatu behar dute eta hori egin dezaten animatzen ditugu hitz ordu asko libre daudelako datozen egunetan", argitu du Blanzacok.

Nerabeak txertatzen

Ameriketako Estatu Batuak, Israel eta Alemaniaren bidea segituz, joan den asteartetik hamabi eta hemezortzi urte arteko nerabeei ere txertoa ematen diete Frantziako Estatuan. Euskal Herrian txertoa jaso duten lehen nerabeen artean daude Sacha 16 urteko angeluarra eta Maxime 14 urteko biarritzarra. Ziztada jasotzeagatik pozik agertu dira lehen bezala bizi nahi baitute berriz, mugarik gabe.

Hasieratik Sachak argi zeukan txertoaren hitz ordua lehen bai lehen hartuko zuela Internet bidez. Nerabeei Pfizer ematen diete bakarrik, eta horretarako gurasoen baimena eta laguntza behar dute. Sacharen amak ezin du burutik kendu alabak aitona besarkatzeko gogo handia duela. "Ezin diogu PCR probarik egin astero. Gaztetxoek ere segurtasuna eta uda lasaia merezi dute", dio emakume angeluarrak.

"Frantzian askok ez dute txertoa jaso nahi, beti haserre dagoen herrialdea baita", bota du Maximen aitak. Babesa edozeinek izan dezakela goraipatu du lapurtarrak. Egunotan Iparraldean txertatu dituzten nerabeek beren lagunak animatuko dituzte orain haiek ere txertoa jasotzeko txanda lehen bai hartu dezaten. "Berriz bidaiatzeko aukera izanen dugu laster", diote aho batez bi gaztetxoek.

Jean Paul Ospital, Angelun egunero 450 lagun txertatzen dituzten gunearen arduradunak uste du nerabeak txertatzea ezinbestekoa dela imunitate ahal bezain haundia erdiesteko jendarte osoan. Erretiroan den medikua eta Angeluko alkate ordearen hitzetan gazteenen txertaketa egokia da itxialdi berria edo ikasgelak itxi behar izatea ekiditeko. Pandemia borrokatzeko neurriak arintzen segitzen dute eta edari alkoldunak karrikan saldu eta edan litezke berriz. Datorren asteleheneko musikaren bestaren karietara ordea tabernek ezin izanen dute musikarik jarri biltzar handirik gerta ez dadin.

noticias de deia