BILBO. Espainiako Informatikaren Elkarte Zientifikoak (SCIE) Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle den Eneko Agirre saritu du BBVA Fundazioa 2021 Ikerketa Sarietan. Agirre Lengoaia eta Sistema Informatikoetako irakasle osoa da UPV/EHUn.

Eneko Agirrek, Hitz Hizkuntzaren Teknologiako Euskal Zentroko zuzendariak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateko irakasle-ikertzaileak, SCIE-BBVA 2021 Informatika Sari Nazionala jaso berri du, Aritmel modalitatean. Modalitate horrek irakaslearen ingeniaritza informatikoaren arloko ekarpen zientifiko bikainak saritzen ditu "lengoaia naturalaren prozesamenduaren arloan egindako aparteko ekarpenengatik, bereziki sare semantiko-en garapenean, testu-masa handien ustiapenean, eta itzulpen automatikoari aplikatutako sare neuronaletan oinarritutako ikaskuntza ez-gainbegiratuan. Gainera, bere zientzia-argitalpenen kalitate aparta ez ezik (horietako batzuk erreferentetzat jotzen dira beren eremuan), nabarmentzekoa da bere ikerketaren emaitzen transferentzia handia, lidergo zientifikoa -ikerketa-zentro ospetsu baten zuzendaria da- eta nazioarteko ibilbide oso aipagarria ere, bere prestakuntzan, kolaborazioetan eta ikerketaren inpaktuan agerikoa dena."

Irakasleak hau aipatu du sariaz: "Sari hau ikerkuntza taldearen elkarlanetik dator. Ixa taldeak 30 urte daramatza hizkuntzaren prozesamenduan ikertzen eta transferentzia egiten, orain HiTZ ikerkuntza zentro bezala. Talde horretako giroak sortu ditu puntako ikerkuntza egiteko baldintzak unibertsitate publikoan. Sari honek bultzada ematen digu adimen artifizialean gure unibertsitatea eta lurraldea erreferentzia bihurtzeko, hizkuntzaren prozesamenduak sortu duen iraultzaren barruan."

Bestalde, Informatikako Ikertzaile Gazteen modalitatean, Mikel Artetxe aitortua izan da, "hizkuntza naturalaren prozesamenduaren arloko enpresa garrantzitsuenetan egindako egonaldien eta ospe handiko kongresuetan egindako ekarpenen bidez aintzatetsitako nazioartekotze handiagatik."

Agirre irakaslea nazioarteko profilagatik nabarmentzen da. Edinburgoko Unibertsitatean Ezagutzan Oinarritutako Sistemei buruzko masterra egin zuenetik, aukera ugari izan ditu bere karrera nazioarteko zentroetan garatzeko. Baina Euskal Herriko Unibertsitatera itzultzea aukeratu zuen, eta hemen bere ikerketa-karrera garatu du ikerketa-zentro ospetsuenekin lankidetzan, urrutitik edo zazpi egonaldietan ikertzaile gonbidatu gisa, eta baita Stanfordeko Unibertsitateko irakasle gonbidatu gisa ere. Izan ere, sarituak Ixa ikerketa taldea eta HiTZ zentroa nazioarteko hizkuntza naturalaren prozesamenduaren eta adimen artifizialaren posizio garrantzitsuenetan kokatzen lagundu du.

Bi galderek markatzen dute bere ikerketa-ibilbidea eta bere ekarpen handienak. Nola lortu makinek ulertzea, hitz egiten dugun hizkuntza dena delakoa? Non aurkitu behar dute ikasteko behar duten ezagutza? Bere lehen ekarpen handia hitzen esanahia eskuz eraikitako sare semantiko konplexuetan irudikatzea izan zen. Aitzindaria izan zen testu-masa handiak ustiatzen eta sare semantikoekin konbinatzen. Duela gutxi, berak zuzentzen duen taldeak frogatu du sare neuronal erraldoiak gai direla hizkuntza askotarako irudikapen lerrokatuak ikasteko, historian lehen aldiz, hizkuntza batetik bestera baliabide elebidunik gabe itzultzeko aukera emanez. Gaur egun, makinak pertsonekiko elkarrekintzatik ikastea posible den ikertzen ari dira eta hori horrela denaren zantzuak aurkitu ditu, COLING kongresu ospetsuan sari bat jaso duen bere azken argitalpenak erakusten duen bezala.

Argitalpenen kopuru handian eta bikaintasunean islatzen da bere ekarpenen eragina. Estatuko egilerik emankorrena da bere arloko nazioarteko kongresuen kopuruari dagokionez, eta bata Hizkuntza Naturalaren Prozesamenduaren arloan Google Scholarren gehien aipatzen den egilea ere. Googleren hiru ikerketa-sari, artikulu onenaren bost sari, eta lehiaketa zientifiko garrantzitsuetan bi garaipen lortu ditu. 39 hitzaldi eman ditu gonbidatu gisa, 4 ikastaro eta 2 tutorial, gehienak nazioarteko zentroetan.

Ezagutzaren hedakuntzaren esparruan lan ugari egin ditu: enpresekin eta administrazioekin kontratuak; hizkuntza-baliabideak sortu ditu ingelesez eta batez ere, euskaraz; eta hizkuntza ulertzeko sistemarik onenak ebaluatu dituzten ebaluazio-tresnak diseinatu ditu. Transferentzia da HiTZ Hizkuntzaren Teknologien Euskal Zentroaren zuzendaritzaren lehentasunetako bat.