Onartuta Euskal Herriko Unibertsitateko 2021eko aurrekontua
BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 437.374.467 euroko aurrekontu proiektua onartu du 2021erako. Aurreproiektua organo horren otsailaren 11ko bileran aurkeztu zen, eta aurreikusitako epean ez da zuzenketarik aurkeztu. Proiektuak 24 aldeko boto eta 9 abstentzio jaso ditu.
Kopuru horretatik, 333.045.467 € Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretatik jaso dira, eta kontzeptu horrek aurrekontu osoaren % 76,15 hartzen du. Aurrekontu orokorretatik jasotako zuzkidurarekin batera, Zuzenbide Publiko edo Pribatuko beste sarrera batzuk kontzeptua ere (bertan sartzen dira tasa akademikoak eta administratiboak, administrazio emakidak, beste erakunde eta pertsona fisiko batzuekiko kontratuak, etab.) jasota dago, eta guztira 52.579.000 € biltzen ditu. Sarrera horiek aurrekontuaren % 12,02 dira. Kanpo kontratu, ikerketa proiektu, berezko titulu eta ikerketako zerbitzu nagusietarako ekipamendurako zuzkidurarako 51.300.000 € jaso dira, osoaren % 11,73. Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateak 450.000 € jaso ditu Gizarte Kontseilurako.
Gastuei dagokienez, langileei dagozkienak 332.748.849 €-koak dira, aurrekontuaren % 76,08; gainerako % 23,92 gastu kapitulu hauetan banatzen da: ikerketa; funtzionamendu orokorra; errektoreordetzen, ikastegien eta sailen jarduera; eta ekipamenduetarako inbertsioak.
Proiektu honetako alderdi garrantzitsuenen artean, berriz, aipatu behar da, batetik, AZPko langileen (administrazio eta zerbitzuetako langileak) plaza guztiak, orain arte programa kontratuen bidez finantzatu direnak, aurrerantzean ekarpen arruntaren bidez finantzatuko direla; bestetik, Eusko Jaurlaritzak Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berria Basurtuko eremuan eraikitzeko konpromiso irmoari eusten diola, 2021eko ekitaldirako 4.023.072 €-ko partida batez eta datozen urteetarako 39,7 M€-ko konpromiso kredituak hartuta, eta, azkenik, estatuaren aurrekontu orokorretatik 2,6 M€ sartu direla SGIKER ekipamendua erosteko.
2021. urterako aurrekontu proiektua, azken urteetan bezala, helburu hauen gidaritzapean egin dira: gastuen exekuziorako austeritatea, baliabideen kontsumo eraginkortasuna, eta erabaki ekonomikoen jasangarritasuna.
Aurrekontu proiektua Unibertsitateko Gizarte Kontseiluari helaraziko zaio, behin betiko onar dezan.
Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak oso baikor hartu du Gobernu Kontseiluak proiektua onartzea: "Positibotzat jotzen dugu aurrekontu proiektu hau izatea: unibertsitateko jarduera guztiaren garapena bermatuko du, eta azpiegitura atala indartu egingo da aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Era berean, gaur egun dauden administrazio eta zerbitzuetako langileen plazen finantzaketa egonkortzen du. Egungo testuingurua ikusita, aurrekontu hau aurrerapauso bat da, zalantzarik gabe?.
Temas
Más en Sociedad
-
Roban un equipo radiactivo con "riesgo en caso de apertura" en Barcelona
-
Se suspenden las restricciones para la circulación de camiones en Euskadi este jueves
-
Osakidetza registra 1.226 enfermedades raras diferentes que afectan a 11.770 personas
-
La madre de Gabriel carga contra quienes hacen negocio con el asesinato de su hijo: "No queremos ni documentales ni series"