DONOSTIA. Donostiako hamabost auzotako haur-parkeetan euskararen erabilera sustatzeko ekimena jarriko du martxan Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak. 'Parketarrak' izeneko proiektua bihar bertan hasiko da, otsailak 26, Ibaeta, Bidebieta, Aiete, Gros eta Saguesen.

'Parketarrak' ekimenaren helburu nagusia haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean euskara erabiltzea da. Urtxintxa eskolak aurrera eramango duen egitasmo hau bi programatan banatuta dago:

  • Zabu-zibu, 3-5 urte bitarteko haurrentzat.
  • Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat.

Negu honetako saioak otsailaren 26an hasi eta martxoaren 18a bitartean egingo dira eta Donostiako plaza eta parkeetan jolasak antolatuko dira doan.

AURTEN TXOMIN-ENEA AUZOAN ERE BAI

Covid-19a dela-eta, 2020an zailtasun ugari izan ziren Parketarrak aurrera eramateko. Hala ere, egitasmoak harrera ona izan zuen: Zabu-Zibu programan 527 bat haurrek eta 165 gurasok parte hartu zuten; Txirrintxon programan, berriz, 658 haurrek. Guztira, 171 saio antolatu ziren 2020an. Egitasmoaren arrakasta ikusita, beste auzo batera zabaldu da aurten ekimena, Txomin-Eneara, eta honekin, guztira, 15 auzotan egingo da: Gros, Antigua, Altza, Bidebieta, Loiola, Loiolako Erriberak, Txomin-enea, Martutene, Amara, Amara Berri, Parte Zaharra, Egia, Aiete, Morlans eta Ibaeta.

Donostiako auzo gehienetan Euskara Batzordeak sortuta daude eta plangintza bat aurrera eramaten ari dira euskara sustatzeko auzoan bertan. Plangintza horien helburuetako bat euskara aisialdi eremuetan erabiltzea da eta horretarako “Parketarrak” ekimena oso eraginkorra dela ikusi dute Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek.

HURRENGO TXANDAK, UDABERRIAN ETA UDAZKENEAN

Horrela, aurten, hiru txanda edo ekinalditan banatuta, aipatutako Donostiako hamabost auzoetan eramango da aurrera ekimena: neguan, udaberrian eta udazkenean.

Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotziaren hitzetan ekimenaren helburu nagusia familiek eta haurrek parkean euskaraz egitea da: “Jolasak lagungarriak dira horretarako, jolasen bitartez hizkuntza lantzen baita batetik eta euskara kalean erabiltzeko ohitura areagotzen da bestetik. Hizkuntzaren erabilera ludikoa lantzen da, hau da, euskaraz jolas egiten ondo pasako dute eta lagunarteko harremanak euskaraz eraikitzeko urrats garrantzitsua izango da”.

Bere hitzetan giltzarri da haurrek ikustea euskara esparru guztietan erabil dezaketela eta ez dutela nahitaez gaztelaniara jo beharrik jolasteko, behar dituzten esamoldeak edo esaerak aurkitzeko: “Haurrek eta gazteek, sarritan, eskolan edota familian bakarrik erabiltzen dute euskara. Kalean berriz, aisialdian, gauzak aldatu egiten dira eta lagunartean komunikatzeko garaian, euskara askoz ere gutxiago erabiltzen dute eta sarritan nahikoa txikitatik hasten da prozesu hori. Joera hori aldatzeko Parketarrak ekimena lagungarria da oso” adierazi du Insaustik.