TOLOSA. Tolosako Kultur Etxeak 'Tolosan, koronabirusaren hilabeteetan' izeneko argazkilaritza-tailer berri bat eskainiko du. Dagoeneko zabalik dago ikastaroan parte hartzeko izena emateko epea. Bertan argazkigintzaren printzipioak eta partaideen proiektu fotografikoak landuko dira, koronabirusaren pandemiak sortutako egoera erreflexatzeko.

Otsailaren 2an hasiko da tailerra eta ekainera bitarte iraungo du. Iñigo Royo izango da tailerraren arduraduna eta ideia zehatzak proposatuko ditu gradualki eta sortu daitezkeen zalantzen aurrean erantzunak eman eta parte hartzaileak aholkatuko ditu.

Parte hartzaile bakoitzak proiektu bat edo gehiago pentsatu eta garatu beharko du tailerrak irauten duen bitartean. Proiektuak planteatzeko askatasun osoa egongo da: Tolosako bizitzarekin zerikusia duen erreportaje-lan bat izan daiteke, lan pertsonalago bat…

Lehen egunean bilera bat egingo du arduradunak parte-hartzaile guztiekin tailerraren ezaugarrien berri eman eta ideiak lantzen hasteko. Iñigo Royo astearteetan eta asteazkenetan egongo da Kultur Etxean 18:30etatik 20:45etara aurrez aurreko bilerak egiteko aurrez hitzordua hartua dutenekin. Gehienez 3 pertsonako bilerak izango dira zalantzak argitzeko, egiten ari diren lanak komentatzeko, etab. Bilerak online egiteko aukera ere egongo da. Bi edo hiru astean behin parte-hartzaile guztiekin egingo da bilera lortzen ari diren emaitzak berrikusi eta ideia berriak proposatzeko. Tailerra amaitzean, egindako lan zati bat jendaurrean erakutsi ahal izatea da helburua.

Edonork eman dezake izena tailerrean, 943 67 03 83 telefonora deituta edo kultura@tolosa.eus helbidera email bat bidaliz. Gutxienez 10 pertsona beharko dira taldea osatzeko, eta gehienez 20 pertsonek parte hartu ahal izango dute. Lau hilabeteko iraupena izango du tailerrak eta 100,00 euroko prezioa du.