GASTEIZ. Gasteizko Udalak amaitutzat eman ditu Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurua hobetzeko lanak. Egindako hobekuntzen artean, nabarmengarriak dira irisgarritasuna hobetuko dituzten igogailua eta eskailera mekanikoak.

Urtebetetik gora iraun duten lan hauen bitartez, bost kaletako espazioa berrantolatu, zoladura aldatu —leku askotan zaharkitu eta narriatuta zegoen —, instalazio eta zerbitzuak berritu, hala nola argiteria eta saneamendua, oinezkoentzako lekua irabazi eta Alde Zaharreko irisgarritasuna hobetu da. Opacua SAk egindako lanek 2,1 milioi euroko inbertsioa izan dute, eta Gobernu Zentralak finantzatzen lagundu du. Inaugurazio ofiziala urtarrilean egitea aurreikusi du udalak, baina espazio guztiak irekitzen joan dira, lan-eremuak amaitzen joan ahala.

"Emaitza zoragarria izan da, eta proiektuari esker konpondu ditugun alderdiak azpimarratu nahi ditut. Batetik, Erdi Aroko hirigunerako irisgarritasun unibertsala lortu da. Gainera, lan hauei esker, Arkupeen eta inguruan aurkitutako aztarna arkeologikoen ondare- balioa eta balio historikoa aldarrikatzeko aukera dugu. Azkenik, inguruko merkataritza suspertzen lagunduko digu" azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

BIGARREN FASEA

Urtaranen gobernuaren hurrengo helburua, eremu horri dagokionez, urte honetatik aurrera bigarren faseari ekitea da, eta 2,2 milioiko aurrekontua izango du (horietatik 800.000 euro Estatuko Gobernuak finantzatuko du). Proiektuak barne hartzen du postetxearen eta Oroimenezko zentroaren artean plaza berri bat (espazio gardena, berritua, oinezkoarekin adeitsua, berdegunea duena) eta bizikleta- aparkaleku estalia (bost ehun bizikletatik gora hartuko dituena) egitea.