BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateak mota guztietako sariak jasotzen darrai. UPV/EHUko Kimika Fakultateak Eusko Jaurlaritzak ematen duen Bikain izeneko ziurtagiri ofizial, publiko eta doakoa jaso egin du, Oinarrizko mailan.

Eremu sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatzen eta aitortzen du. Ziurtagiria dagokion ebaluazioa egin ondoren lor daiteke. Ebaluazioa lau ardatz nagusitan egituratzen da: erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa; kanpo harremanak; barne harremanak; eta hizkuntza kudeaketa. Abenduan Bikain ziurtagiriak emateko ekitaldia egin zen Bilboko Euskalduna Jauregian.

Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatetako dekano Marian Iriartek dio: "Kimika Fakultateak Bikain ziurtagiria lortzeko deialdira aurkeztutakoan ikastegiak euskararen kudeaketan gauzak ongi ala ez hain ongi egiten dituen jakin nahi genuen. Eta hori izan da ebaluazio prozesuan garrantzitsuena, zer egiten dugun ongi eta zertan hobetu behar dugun garbi ikustea. Fakultatea bat dator Euskal Herriko Unibertsitatearen eleaniztasun-plangintzarekin, eta hemendik aurrera ere zertan hobetu behar dugun badakigunez, horretan saiatuko gara".

2016an Informatika Fakultateak hasitako ibilbideari 2017, 2018, 2019 eta 2020ko deialdietan beste bost fakultatek jarraitu diote: Hezkuntza Filosofia eta Antropologia Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Farmazia Fakultatea eta, berriki, Kimika Fakultatea.