BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen % 14k baino gehiagok gantz gehiegi du gorputzean. Hori ondorioztatu du unibertsitateak berak ikasleen obesitatearen konplexutasuna eta dimentsio aniztasuna hobeto ulertzeko egindako ikerketa batek.

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) definizioaren arabera, obesitatea osasunerako kaltegarria izan daitekeen eta pertsonen osasun fisikoan, sozialean eta mentalean eragin dezakeen gantz metaketa gehiegizkoa edo ezohikoa da. 2016an, OMEk kalkulatu zuenez, munduan 1,9 bilioi helduk baino gehiagok gainpisua zuten eta, horien artean, 650 milioik baino gehiagok obesitatea. Gaixotasun hori duten pertsonen proportzioa hirukoiztu egin da azken hamarkadetan eta Espainia da prebalentzia handiena duen Europako herrialdeetako bat. Hazkunde azkar hori ez dago arrazoi genetikoekin bakarrik lotuta; aitzitik, nagusiki, kultura eta ingurumen arloko eraginen, energia handiko dieten, elikagai errazioen tamaina handitzearen eta/edo bizimodu sedentarioa izatearen ondorioa da.

Unibertsitateko populazioari dagokionez, gainpisu/obesitate prebalentzia % 22 ingurukoa da (gorputzeko masaren indizea diagnostikoa egiteko irizpide gisa erabili duten azterketen arabera). Askotan gainpisuaren eta obesitatearen eragile nagusia jaten denaren eta gastatzen denaren arteko energia desoreka den arren, faktore asko daude tartean. Faktore horien artean, genetikoak, sozialak, ingurumenekoak eta jokabidekoak nabarmentzen dira (adibidez, elikadura, jarduera fisikoa, alkohola kontsumitzea eta tabakoa erretzea), besteak beste.

Unibertsitateko ikasleen obesitatearen konplexutasuna eta dimentsio aniztasuna hobeto ulertzeko, Nerea Telleria Aramburuk «Bizi-ohiturekin lotutako gainpisua/obesitatearen arrisku faktoreak, bereziki dietarekin erlazionaturikoak / Risk factors of overweight/obesity-related lifestyles, particularly those associated with diet, in students of the University of the Basque Country UPV/EHU» izenburua duen tesia egin du. Ikerketa hori EHU12/24 proiektuaren parte da. Proiektu horretan, gainpisu/obesitatearen arrisku faktoreak diren bizitzeko erak aztertzen dira, batez ere, dietarekin lotutakoak, baita eragin psikosozial posibleak eta horien arteko elkarrekintza ere. Azterlanaren berritasunetako bat da dieta ohiturak iraunkortasunaren ikuspegitik analizatzen dituela, bai osasunaren dimentsioan, bai ingurumen eraginaren dimentsioan.

Lan horretan, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen lagin adierazgarri batek parte hartu du. 600dik gora boluntario elkarrizketatu dira, mota honetako datuak lortzeko: demografikoak, sozioekonomikoak, akademikoak, norberaren eta bere familiaren gaixotasun aurrekarienak, bizitzeko eren ingurukoak, gorputz irudiaren ingurukoak, nutrizio jarrera eta pisuaren kontrolarenak eta nutrizioaren arloko ezagutzarenak. Gainera, denei neurri antropometrikoak hartu zaizkie eta, horietatik abiatuz, adipositate indizeak kalkulatu dira. Tesi honen testuinguruan, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi den populazioari egokitutako elikagaien kontsumo maiztasunari buruzko galdetegi baten baliozkotasuna eta erreproduzigarritasuna ere aztertu da.

EMAITZAK

Ikerketaren emaitzek erakutsi dutenez, EHU12/24 kohorteko dieta ohiturak eta bizitzeko erak aldagai demografikoekin eta ikasleak ikasten ari diren titulazioko jakintza arloarekin lotuta daude. Oro har, UPV/EHUko ikasleen dieta proteina eta gantz askokoa da -batez ere gantz aseak-, eta karbono hidrato eta zuntz gutxikoa. Gainera, gehienetan, jarduera fisikoaren maila txikia dute, eserita denbora luzea ematen dute, alkohola modu moderatuan hartzen dute, ez dute erretzen eta behar beste ordu ematen dituzte lo.

Beste alde batetik, UPV/EHUko ikasleen gainpisu/obesitate prebalentzia % 14,4koa izan da (gorputzeko gantz ehunekoa diagnostikoa egiteko irizpide gisa erabiliz). Gorputzean gantz gehiegi izateko arrisku handiena gizonek, adin handieneko ikasleek, maila sozioekonomiko txikienekoek eta Osasun Zientzietako ikasketak egiten ari direnek dute. Halaber, gainpisua edo obesitatea duten ikasleek gogobetetasun txikiagoa dute beren pisuarekin eta gorputzaren irudiarekin, baita beren pisu egoera aitortzeko zailtasun handiagoa ere.

Gainpisu/obesitatearen arrisku faktoreei dagokienez, identifikatutako faktore nagusiak honako hauek izan dira: elikadura eredu desegokia, kalitate txikiko dieta eta bestelako bizitzeko era ez osasungarriak. Jokabide faktore ez osasungarri horiek bateratu eta elkarrekintzan aritzen dira, eta, hala, gorputzean gantz gehiegi izateko arriskua handitzen dute. Tesian lortutako emaitzek populazio horren obesitatearen etiologia hobeto ulertzen laguntzen dute eta prebentzio eta tratamendu estrategiak diseinatzeko erabilgarriak izango dira.