BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateak bere 50. urteurrena ospatu egin du asteazken honetan, azaroak 23. Hasiera batean, 1970ean, klaseak Unamuno plazan zegoen Bilboko Arte Ederren Eskolan ematen ziren, gaur egun Euskal Museoaren egoitza dena.

Mende erdi honetan zehar, hainbat artista, komisario, diseinatzaile, kontserbatzaile, zaharberritzaile, ilustratzaile, hezitzaile, irakasle eta ikus-entzunezkoen alorreko sortzailez gain, artearen eta kulturaren kudeaketarekin lotutako profil anitz atera dira ikasgeletatik.

Azaroaren 23 hartan ireki zen ikastegian, berrogeita zortzi ikasle aritu ziren, eta Bizkaiko Museo Historikoaren bigarren solairuan, egungo Euskal Museoan. Ondoren, beste kokapen batzuk izango zituen, hala nola Bilboko Ibañez kaleko Suhiltzaileen Eraikina, Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultatea eta Leioako Medikuntza Fakultatea. Azkenik, 1987an inauguratu zen gaur egun Arte Ederren Fakultatea hartzen duen eraikina.

"Hasierako arazo ulergarriak eta eskolaren jarraipenari buruzko zalantza saihestezinak gorabehera, gaur egun Euskal Herriko Unibertsitatearen Arte Ederren Fakultatea erreferentea da estatu espainiarrean. Fakultate horren ezaugarri nagusia beti izan da garaiko praktika artistikoei eta bere garaiko joerei lotutako lan-ildoei erreparatzea. Ikastegi aitzindaria izan da alderdi askotan. Besteak beste, 1983an lehenengo fakultatea izan zen Estatuan praktika artistikoari lotutako ikusentzutekoen espezialitatea izan zuena", adierazi du Arantza Lauzirika Euskal Herriko Unibertsitatearen Arte Ederren Fakultateko dekanoak.