GASTEIZ. Koronabirusaren pandemiak iraun bitartean ze baliabide aktibatu diren jakiteko, eta estali gabeko premia eta beharrizanak atzemateko zaintza-mapa bat sortuko du Gasteizko Udalak.

Hiru fasetan osatuko da zaintzen kartografia hori. Lehen fasean azken hilabeteetan hirian zaintza-proiektuak jorratu eta sustatu dituzten erakunde, kolektibo eta gizarte zibileko kideak gonbidatuko dira, 3 lantegi partizipatibotan zaintzen “erradiografia” hau osa dezaten. Gonbidatuen artean izango dira, besteak beste, AFARABA, Gurutze Gorria, Vivir con Voz Propia eta Psikopompo.

Bigarren fasean artean artatu ez diren edo hobetu daitezkeen premiak identifikatuko dira. Azkenik, hirugarrenean, hobekuntzak planteatuko dira, eta premia horiei erantzuteko zerbitzuak diseinatuko dira.

“Osasuna neurri publikoen muinean inoiz baino gehiago dagoen honetan, proiektu honen bidez hiria zaintzen perspektibatik birpentsatu nahi dugu. Gasteiz hiri osasuntsuagoa eta pertsonen beharrizanei erantzuten diena izatea nahi dugu. Horregatik, orain arte pandemiaren aurrean garatu diren esperientziak aztertuko ditugu, egon daitezkeen gabeziak atzemango ditugu eta premiei erantzuteko neurriak planteatuko ditugu. Ez da beste urrats bat baino, Gasteiz hiri zaintzaileago eta humanoagoa bihurtzeko bidean”, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Hauxe gehitu du Elkarrekin-Podemoseko zinegotzi Gema Zubiaurrek: “Zaintzak bizitzaren erdian jarri behar dituzu, bizitzaren muinean, horiek gabe gure gizartea eraman ezina izango bailitzateke. Gizaki garen aldetik, elkarrekiko menpekotasunean bizi gara halabeharrez, zaintzeko eta zainduak izateko beharra dugu. Horrek azaltzen du zaintzen sektorean berariazko politika publikoak egituratzearen garrantzi handia, baita udal mailan ere. Elkarrekin-Podemosen oso balorazio positiboa egiten dugu proiektu honen bidez eskura dugun informazioa guztia jaso ahal izateari, hartara gero zaintzen alorrean beste esku-hartze batzuei ekin ahal izateko, ahalik eta azkarren”.

Covid-19aren pandemia bitarte, erakunde, gizarte-kolektibo zein Gasteizko herritarrek ekimen ugari jarri dituzte abian gaixotasunaren eta haren aurka ezarritako murrizketen ondorioei aurre egiteko. Horiei esker laguntza eta arta jaso ahal izan zuten bakarrik bizi zirenek, janaria eta botikak banatu ziren etxez etxe, telebista eta irratigailuak banatu zitzaion jende ugariri, konfinamendua eramangarriago egiteko, etab.

Nola erakundeek hala herritarrek egindako hori guztia jasota geratuko da Zaintza-mapan, zeinak abian jarritako baliabideen ikuspegi bateratu eta globala eskainiko baitu, hartara horin kudeaketa hobetzeko asmoz.